Politika -
Polemika Aznarrekin
Aznarren akusazioak 'ziztrinak' direla dio Jaurlaritzak
Herrizaingo sailburuak esandakoa zuzentzeko exijitu dio Espainiako gobernuburu ohiari.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiak egindako akusazioak "ziztrinak eta onartezinak" direla.
Hain zuzen ere, ETAri keinuak "eske eta erreguka" izatea egotzi zien Aznarrek PSOEri eta Gobernuari, "hurrengo mitinera zer eraman" edukitzeko.
Gernikan Eusko Jaurlaritzaren bileran parte hartu baino lehen kazetarien aurrean egindako adierazpenetan, Aresek "gezurra esatea eta manipulatzea" leporatu dio Aznarri, "Gobernu sozialistari, PSOEri eta Jaurlaritzari erasotzeko helburuz".
"Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren ekintzek eta azalpenek berriz ere gezurtatu dute Aznarrek esandakoa", esan du.
Bere esanetan, "Azknarrek bereziki", baina PPko beste hainbat kidek ere, ez diote uko egiten terrorismoaren aurkako borroka etsai politikoen aurka erabiltzeari.
Aresek gaineratu du PPn "konfrontazio politikoa" eta "alderdiaren interesak" defendatzea dutela helburu, terrorismoari "denok batera" aurre egitea beharrean.
Sailburuaren ustez, Aznarrek esandakoa zuzendu egin beharko luke, eta haren agintaldian PSOEren babesa izan zuela gogorarazi du.