Politika -
Iruzkina
Auzolotsa
Politikoengandik berriz, ez dugu espero halakorik, zentzuz jokatu eta burua erabiltzea guztiona kudeatzerakoan batez ere.
Juanjo San Miguel
Gizarteak, herritarrok hartzen ditugun ereduak, jarraibidea erakutsiko liguketen pertsonak eta pertsonaiak aukeratzen ditugunean, gure egoeraren edo bizi dugun unearen adierazle izaten dira. Ausardia, zuzentasuna, zintzotasuna, zuhurtasuna… eskatzen dizkiegu gure iparrorratza bihurtu nahi ditugun horiei.
Politikoengandik berriz, ez dugu espero halakorik, zentzuz jokatu eta burua erabiltzea guztiona kudeatzerakoan batez ere. Eta euren eginkizunari lotuta dioan beste baldintza bat,ez ditzatela gizartean izan ohi diren portaera zital eta arbuiagarrienak azaldu.Gizon eta emakume handiak egoera zailenetan nabarmentzen dira,tragediak muturreko atakan jartzen gaituenean. Miserableek berriz, euren benetako aurpegia biluzten dute,ingurukoen sufrimendua eta nahigabea gutxietsiz.
Herrialde aurreratuek eta garatuek harro erakutsi izan ohi dituzte euren lorpenak, atzean datozenen ispilu izan nahi dute.Baina sarriegi juxtu kontrakoa da azaltzen dutena,zer ez den egin behar,zein den sekula jorratu behar ez den bidea. Aste honetan horren erakusbide nabarmenena izan dugu.
Munduko herrialde aberatseneko bi gizon,adinekoak,aberatsak,itxuraz errespetagarriak eta errespetuz aritzeko ikasiak.Elkarrekiko eztabaidan,herrialde hobea egiteko dituzten asmoak eta proiektuak azaltzea zen helburua.Pandemia beldurgarriari nola aurre egin,ahulenei eta baztertuei eman beharreko laguntzak,ingurumena babesteko erabakiak… baina horrelakorik ez zen apenas entzun, edukaziorik gabeko kale mutikoen gisa iraina, hitz itsusiak, bestea gutxiesteko datuak eta baieztapenak. Baten batek irudiak ikusi izan balitu,esaten zutena entzun gabe, ez luke sinestuko horrelako bi aitona itxurosok elkarri horrelakoak esaten ari zirenik.
Batek hori egin zezakeela bagenekien,askotan egin duelako,helburuak lortzeko tresna bihurtu dituelako irainak,hitz itsusiak, mespretxuko adierazpenak, gezurrak… Bestearengandik aldiz, beste zer edo zer espero genuen.Manera onartezinak agerian utziko zituela kontrakoa eginez, begirunez jokatuz eta batez ere herritarrei igorri beharreko mezua izango zuela helburu nagusi. Baina ez zen halakorik gertatu,nahiago izan zuen lokatzetan azterka egitea, bestearen terrenoan sartu eta honekin buru bat egitea.
Komunikabideek eta inkesta institutuek diote hautagaiak irabazi zuela debatea, baina aitortu zuten hori neurtzea ez zela batere erraza,ez zekitelako boto kopuruan isla izango ote duen,gehien bat gaizki hazitakoaren jarraitzaileei bost axola zaielako horrelako eztabaiden emaitzak, horrek ez du inolaz ere euren erabakia baldintzatzen.Besteak aldiz,norgehiagoka irabazi arren boto asko gal lezake,bere alde egiteko prest dauden askok ez dutelako onartuko, eragotzi beharrekoa gure egiteko prest egotea garaile izateko, zuzenean besteari garaipena emango geniokeelako.