Politika -
Ustezko ustelkeria kasua
Legez kanpo komisiorik kobratu ez duela adierazi du Telleriak
EAJko buruzagi ohia ustezko ustelkeria sare batean parte hartzeagatik auzipetu zuten. Kataia Consulting enpresaren soldata jaso eta besterik ez duela kobratu esan dio epaileari Telleriak.
Erredakzioa
Legez kanpoko komisiorik eta Kataia Consulting enpresan kobratzen zuenaz gain beste dirurik jaso ez duela ziurtatu du gaur Aitor Telleria Arabako EAJko buuruzagi ohiak epailearen aurrean. Buruzagi jeltzale ohia ustelkeria sare batean parte hartzeagatik auzipetu zuten Araban.
Roberto Ramos Gasteizko auzitegiko epaileraen aurrean hiru orduz izan da gaur Telleria. Sumarioan auzipetutako akusatuen agerraldiak iragan irailean hasi ziren berriro.
Iturri juridikoek azaldu dutenez, Gasteizko Udalean zinegotzi eta ABBko kide izandako Telleria atxilotu eta legez kanpoko komisioak kobratzea leporatu zioten, baita eragimen-trafikoa eta kapitalak zuritzea ere. Auziarekin lotzeko arrazoi bakarra Kataia Consulting enpresarentzat lan egin izana da, Telleriaren esanetan. Era berean, Riera Urbanizer Kataluniako eraikitzailearentzat bost hilabetez lan egin zuela onartu du jeltzaleak.
Estalki fiskala
Kataia Consulting ikertzen ari da epailea, jabeek ustez estalki fiskal gisa erabili zutelako. Sei auzipetu dira enpresa horren jabeak, besteak beste, Telleria eta haren emaztea. Bestalde, Riera Kataluniako eraikitzaileak Zanbranan industrialde bat eraikitzeko dirua inbertitu nahi zuen, baina azkenean ezin izan operazioa egin.
Telleriak galdera guztiak erantzun ditu. Lan-eskaintza hobeago bat jaso eta Kataia Consulting enpresa utzi zuela azaldu du EAJko buruzagi ohiak. Komisiorik sekula kobratu ez duela ziurtatu du Telleriak. Soldataz aparte beste dirurik ez duela jaso erantsi du.
Araceli Bajo EAJko buruzagi ohiaren emazteak enpresaren funtzionamenduaren berririk ez zuela adierazi du Telleriak, fiskalak galdetu dionean. Bajok esku-hartzerik izan ez duela gaineratu du.