Politika -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
Yolanda Diaz: "Lasai nago Pablo Iglesiasen errugabetasunari dagokionez"
Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak lan gatazkei buruz esan du enpresa batek deslokalizazioaz hitz egiten duenean kostuak merkatzea soilik bilatzen duela.
EiTB.EUS
Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko Lan ministroa Radio Euskadin izan da ostegun honetan Pablo Iglesiasen presidenteordearen aferari buruz jarduteko. Horren harira, Diazek ziurtatu du harrituta dagoela Justiziak izandako jokabidearekin.
Pedro Sanchez presidentea ere Iglesiasen alde agertu zen atzo, Villarejo auziaz arduratzen den Manuel Garcia-Castellon epaileak Espainiako presidenteordea ikertzeko egindako eskariaren ondotik. Hain zuzen ere, hainbat deliturengatik ikertzeko galdegin zuen Garcia-Castellonek; besteak beste, Dina auzian salaketa faltsu bat jarri ote zuen jakiteko.
Diazen arabera, "gogorregia izaten ari da Iglesias eta haren familia bizitzen ari direna". Ildo horretan, adierazi du azkenaldian albistegietan lerroburu izan diren Podemosen aurkako kereila guztiak artxibatu egin dituztela, eta espetxean bukatu duten politikarien ustelkeria kasuak ekarri ditu gogora. "Ez diot inori opa Pablo Iglesias bizitzen ari dena", esan du.
Ekonomia
Gaur bertan Mondragon Korporazio Kooperatiboaren instalazioak bisitatuko ditu Yolanda Diazek. Asteazkenean, berriz, lehendakariarekin eta Lan sailburuarekin bildu zen. Gauzak horrela eta ekonomia sozialarekin lotutako ekimenak hizpide, Diazek baieztatu du "harro" dagoela hartutako neurrietako batzuekin, eta nabarmendu du Euskal Herrira egindako bisitan ahal duen guztia ikastea gustatuko litzaiokeela.
Lan gatazka, Euskadin
Diazek argi utzi du elkarrizketa soziala dela bide bakarra. Haren hitzetan, Espainiako Gobernuak aurrera eraman duen eredua europarra da, alegia, "barne malgutasunean oinarritutako politikak ardatz dituen eredu bat da".
Horrela, gogora ekarri du Rajoyren Gobernuak 26 puntu murriztu zuela langabeziagatik jasotzen den gizarte-prestazioa. "Egoera berreraikitzen gabiltza. Egindako aldaketak luzaroan geratzea nahi dugu. Lan Ministerioak ez du utziko sistema erortzea", azpimarratu du.
Horregatik, mahai gainean jarri ditu aldi baterako lan erregulazioen ondorioak jasan dituzten pertsonen kasuak. Guztira, 662.000 langilerengan izan dute eragina enplegu erregulazioek.
"Elkarrizketa Sozialerako Mahaian aztertuko dugu Euskadiko lan harremanei buruzko agertokia", gaineratu du.
Enpresen deslokalizazioa
Bukatzeko, beharginak kanporatzen hasi diren enpresen egoeraz mintzatu da. Enpresariei eskatu die kontuan hartzea "ezohiko egoera bizi dugula", eta horrekin lotuta esan du enpresa batek deslokalizazioaz hitz egiten duenean kostuak merkatzea soilik bilatzen duela.