Politika -
Elkarrizketa
Ortuzar: "Oposizioak eskatzen duena egin ezean, inposatzailetzat hartzen zaituzte"
Aurrekontuen negoziazioa azkartzeko Espainiako Gobernuak duen "presa" kritikatu du. Bestalde, EH Bilduk "erakunde borroka" aukeratu duela eta Elkarrekin Podemos "nahastuta" dabilela esan du.
Radio Euskadi | Erredakzioa
Andoni Ortuzar EBBeko presidenteak ostiral honetan ziurtatu du "txundituta" dagoela COVID-19aren pandemiaren kudeaketarekin Madrilen geratzen ari denarekin. Ortuzarren iritziz, zaila da Euskadin horrelakorik gertatzea, "kolaborazio politikoa eta instituzionala" handiagoa delako. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Europa Press albiste agentziak jaso duena, Ortuzarrek esan du "ganora eta ardura" gutxi erakutsi dutela Madrilen.
Elkarrizketa berean azaldu du María Jesus Montero Ogasun ministroaren dei bat jaso duela aurrekontuak negoziatzeko. "Azpilan gehiegi dago, egoera politikoarekin nahasten ari dira", nabarmendu du. "Orain arte bazirudien Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren artean hizka-mizka zegoela, sona handiagoa nork lortuko edota bietako nor nagusituko", adierazi du.
"Egoera honek" luze joko duela ere azpimarratu du, baina argi utzita ez lukeela nahi Euskadin Madrilen bizi dutena jazotzea, "hemen kultura politikoa ezberdina delako". Ildo horretan, Euskadin erakunde ezberdinen artean dagoen elkarlana nabarmendu du, "EAJk konfinamendu garaietan erakutsi duen gisara". Halaber, gogora ekarri du bere alderdia oso kritikoa izan zela Pedro Sanchezek garai hartan hartutako erabakiekin.
EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen oposizioari buruz esan du "haien esanetara egon ezean, inposatzaile deitzen zaituzte". Horrekin lotuta Ander Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkidearen azken agerraldiari buruz mintzatu da: "Ekarpen handirik gabeko espektakulua. Bere onetik atera zen ez zuelako nahi zuena lortu. Dena gaizki irteten zaiola dio, eta guri zer, horrelako jarrerak onartu behar ditugula?".
Ortuzarren hitzetan, EH Bilduk erakunde borrokagatik aldatu du kale borroka, alegia, "metodoa aldatu du, baina ez oinarria". Ortuzarren aburuz, Elkarrekin Podemosek "nahaste-borraste mentala eta politikoa ditu".
"Miren Gorrotxategik erreforma fiskala eskatu digu, baina Madrilen uko egin diote horri, gurea aurrerakoiagoa bada ere", adierazi du.
Bukatzeko Euskadin azkenaldian egon diren greba deialdiak eta "monarkiak errepublikaren ezaugarriak hartzearen ideia" izan ditu hizpide. Lehengoari dagokionez argitu du bera ere sindikalista izan dela, baina gaur egun errazegi jo ohi dutela grebara: "Negoziazio bat abiatzeko lehenengo urratsa ezin da greba izan".
Bigarrenari buruz aitortu du adierazpen polita iruditzen zaiola Urkulluk egindakoa. Bestalde, onartu du espainiar estatuan aldaketak eman behar direla, hots, "gardenagoa eta hurbilagoa" izan behar dela.