Politika -

Auzitegi Gorenean, urriak 20an

Torturatzeagatik zigortutako lau guardia zibilen kasua aztertuko dute

Igor Portu eta Mattin Sarasola ETAko kideak torturatzea leporatuta lau guardia zibili kartzela-zigorra ezarri zien Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2008ko urtarrilean Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzeagatik zigortutako lau guardia zibilen kasua berriro aztertuko du Auzitegi Gorenak datorren hilaren 20an.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegian 15 guardia zibil epaitu eta horietako lau erruduntzat jo zituzten, baina Ministerio fiskalak eta lau agenteek helegitea aurkeztu zuten.

Ebazpena aztertuko duen magistratua Jose Ramon Soriano izango da eta epai-mahaiko gainerako kideak ondokoak izango dira: Juan Saavedra, Andres Martinez Arrieta, Julian Sanchez Melgar eta Juan Ramon Berdugo.

Joan den abenduaren 30ean eman zuen epaia Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak. Lau urte eta erdiko kartzela-zigorra eta 8 urteko erabateko gaitasungabetzea ezarri zioten J.C.G. sarjentuari; J.E.M agenteari, bi urte eta erdiko espetxealdia; eta S.G.A.M. eta S.M.T. guardia zibilei beste bina urteko kartzela-zigorra.

Horrez gain, 18.000 euroko eta 6.000 euroko kalte-ordainak ere ordaintzera zigortu zituzten, "eragindako kalte fisiko eta psikoengatik"; lehenedabizikoa, Igor Porturi eta bigarrena, Mattin Sarasolari.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak frogatutzat eman zuen aipatu lau agenteek Portu eta Sarasola iraindu eta kolpatu egin zituztela atxiloketaren unean eta inkomunikazio-aldian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea