Politika -

Bake prozesua

Ezker abertzalea aurrerapausoak emateko irizpideak zehazten ari da

Egungo agertoki politikoa garai bateko Batasunak hartutako "arriskuei" esker gauzatu dela onartzen du ezker abertzaleak 'Zutik Euskal Herria Zehazten' izeneko agirian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datozen urteetako estrategia politikoa zehazteko "gogoeta" prozesu bat hasi du ezker abertzalean azken asteetan, Garak eta El Correok argitaratu dutenez.

Egungo agertoki politikoa garai bateko Batasunak hartutako "arriskuei" eta Espainiako eta Frantziako Gobernuen "itxikeriaren" aurrean egindako mugimenduei esker gauzatu dela onartzen du ezker abertzaleak 'Zutik Euskal Herria Zehazten' izeneko agirian.

"Independentzia lortzeko bidean bitarteko politikoen aldeko apustua" berretsi du ezker abertzaleak. Zentzu horretan, apustu eta estrategia horrek nazioartean jaso duen babesagatik zoriondu da ezker abertzalea.

Aurretik duen bidea "erraza izango ez dela" onartzen du ezker abertzaleak, baina aurrera egiteko berdin jarraitu behar dutela uste dute buruzagiek.

Hala ere, negoziaketa agertoki bat bermaturik ez dagoela uste du ezker abertzaleak, ondorioz, negoziazio hori emateko ala ez emateko prest dago. Horrela, aldebakarreko ekimenak martxan jartzeko gertu dago ezker abertzalea.

Agirian, ezker abertzaleak "eredu autonomiko zaharra" berregitea, "euren menpe dauden nazioen nazio izaera" onartzea eta "erabakitzeko eskubidea errespetatzea" eskatu dio Estatuari.

Hala ere, Estatuak "blokeoaren estrategiarekin jarraitzen badu, guk, herrialde bezala, aldebakarreko pausoak ematen jarraituko dugu, Akordio Demokratikoa adosteko Estatuari eskua zabalduz".

Aldebakarreko pauso horien artean, "aldebakarreko independentzia adierazpena" egitea proposatzen dute, baina adierazpenak dioenez "horrelako pauso bat emateko, Euskal Herri osoko indarren erlazioa aldatu beharko litzateke eta kultura politiko guztien oinarrizko akordio bat lortu beharko genuke".

Ezker abertzaleak hiru fase ezartzen ditu independentzia lortzeko. Lehenengoa "gatazka politikoaren konponbidea" litzateke. "Egungo lehentasuna", eta "gutxiengo demokratikoak" lortzea espero du, horien artean, "alderdien legalizazioa eta presoen eskubideak". Azken hauek "prozesuko partaide" bilakatu nahi ditu.

Lehen fase honetan gainera, ezker abertzaleak "elkarrizketa eta Euskal Herriko agenteen arteko negoziazioaren bitartez akordio demokratikoa" lortu nahi du eta Estatuek (espainiarrak eta frantsesak) akordio hori "errespetatzea" nahi dute.

Bigarren faseak "subjektu nazionalaren erakundetzean" jarriko luke arreta, "Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoako errekonozimendu politikoan oinarritutako erakunde propioaren proposamenaren bitartez".

Hirugarren fasea "independentziaren lorpenaren" inguran datza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea