Politika -
Auzitegi Nazionala
Lopez Ruiz eta Latasa absolbitu dituzte Aretxabaletako bi guardia zibilen hilketan
Auzitegiarentzat ez da "zentzuzkoa" egun berean Ordizian atentatu bat egin eta gero, "ezkutatu beharrean", beste atentatu bat egitea.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu Jose Antonio Lopez Ruiz "Kubati" ETAko kide historikoa eta preso ohia eta Jose Miguel Latasa Getaria "Fermin" Aretxabaletako (Gipuzkoa) Guardia Zibilen kuartelaren aurka 1986ko uztailaren 26an egin zuten atentatuaren auzian. Bi guardia zibil hil zituzten atentatu hartan.
Auzitegiaren arabera, bien aurkako froga bakarra granadak jaurtitzeko erabili zuten hodi batean agertu ziren arrastoak dira, baina "ez dago bestelako zantzurik, are gutxiago froga zuzenik", bi pertsona horiek atentatuan parte hartu zutela pentsatzeko.
Epailearentzat "arraroa" da atentatuan parte hartu izan balute arrasto gehiago agertu ez izana.
Gogorarazi duenez, ETAko bi kide ohiak egun berean Ordiziako Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako beste atentatu batengatik zigortu zituzten, eta ez da "zentzuzkoa" egun berean Ordizian atentatu bat egin eta gero, "ezkutatu beharrean", beste atentatu bat egitea.