Politika -
Terrorismoa goratzea egotzita
Galiziako 12 independentistaren aurkako epaiketa hastekotan da Auzitegi Nazionalean
Ceivar eta Causa Galizako kideei 4 eta 12 urte arteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du Fiskaltzak, "Resistencia Galegaren ekintza terrorista etengabe babestu, goratu eta justifikatzea" leporatuta.
Agentziak | Erredakzioa
Astelehenetik aurrera Causa Galiza eta Ceivar Galiziako erakunde independentistetako 12 kide epaituko ditu Auzitegi Nazionalak, Fiskaltzaren arabera, "Resistencia Galegaren jarduera terrorista etengabe babestu, goratu eta justifikatzeagatik".
Gai penaletarako hirugarren sekzioan epaituko dituzte, Auzitegi Nazionaleko egoitzan, San Fernando de Henaresen (Madril). 4 eta 12 urte arteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du Fiskaltzak.
Terrorismoa goratzeko erakunde kriminaleko kide izatea egotzi die Fiskaltzak 11ri. Horregatik, lau urteko espetxe-zigorra eskatu du, eta gainera, terrorismoa goraipatzea leporatuta, 2 eta 8 urte arteko zigorrak.
12 urteko zigor eskaera dutenen artean, Xoan Xose Perez Lorenzo dago, Causa Galiza sortzeko prozesuan parte hartu zuen, Xose Anton Fernandez, Jose Antonio Gonzalez Maceiras edo Isabel Iglesiasekin batera; baita Uxio Caamaña CPIGeko arduraduna eta bozeramailea eta Alfonso Garcia Ceivarreko arduradun ohia Ourensen ere.
Era berean, Anton Arias Curto erruztatuen aulkian eseriko da. 12 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, terrorismoa, armak legez kanpo izan eta agiriak faltsutzea leporatuta. Horregatik, Fiskaltzak ez dio erakunde kriminaleko kide izatea egotzi, dagoeneko delituagatik epaitua izan delako.
"Ez dira terroristak, independentistak dira"
1.500 bat pertsona manifestazioa egin dute Santiagon, Jaro operazioan atxilotutako eta auziperatutako 12 independentistei babesa adierazteko. Polizia-operazioa 2015 eta 2017 artean bultzatu zuten. Ondoren Ceivar eta Causa Galiza erakundeak legez kanpo utzi zituzten, baina epaitegiek erabaki hori atzera bota dute dagoeneko.
“Ez dira terroristak, independentistak dira”, oihukatu dute manifestariek. Protesta Alamedatik abiatu da 12:00etan, eta ordubete beranduago amaitu da Praza da Quintanan. Deitzaileek adierazpen bat irakurri dute bertan. Auzipetuei elkartasuna adierazi diete, “abisu oso serio baten aurrean gaude, agintariak ideiak jazartzen ari direlako”.
Poliziak estu hartu ditu manifestariak euripean. “Auzitegi Nazionala, epaitegi faxista”, “Lurra defendatzea ez da delitua”, “Ez da justizia, errepresioa da” edo “Elkartasuna ez da delitua” bezalako leloak oihukatu dituzte martxan.
“Independentismoari elkartasuna adierazten dioten ekintzak ituan daude orain”, salatu dute manifestuan. “Espainiako Estatuaren deriba autoritarioa”, gaitzetsi dute, independentismoa “terrorismo bihurtu” nahi duelako.