Politika -

Epaiketak Frantzian

Otsailera arte atzeratu dute Josu Urrutikoetxearen aurkako epaiketa Dei Auzitegian

Auzitegi Korrekzionalean asteazkenerako eta ostegunerako aurreikusitako auzi saioa, ordea, egin egingo dute.

Josu Urrutikoetxea. EiTBren bideo batetik hartutako artxiboko irudia
Josu Urrutikoetxea.
Josu Urrutikoetxea. EiTBren bideo batetik hartutako artxiboko irudia

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Urrutikoetxearen kontrako bi auzietako bat otsailera arte atzeratu du Frantziako Justiziak. Parisko Dei Auzitegian gaur eta bihar akusatuen aulkian jesarri behar zen ETAko buruzagi izandakoa, baina COVID-19aren pandemia tarteko, atzeratzea erabaki dute lekukoak izateko modurik izango ez delako. Urrutikoetxea 2010ean eta 2017an epaitu zuten, auzi-ihesean, eta 15 urteko zigorra ezarri zioten. Orain bi epaiketa horiek errepikatu beharko dituzte.

Auzitegi Korrekzionalean asteazkenerako eta ostegunerako aurreikusita dagoenak bere horretan jarraituko du.

Epaiketa hasi bezperan, elkarrizketa argitaratu du Marianne aldizkari frantziarrak. 69 urteko ETAko buruzagi ohiak negoziaketetan parte hartu zuela gogora ekarri du elkarrizketan, eta esan du bere helburua klandestinitatean egondako 17 urteetan "Europa Mendebaldeko azken gatazka, zaharrena, konpontzea" izan zela.

Etxe barruan atxilotuta dago Urrutikoetxea 2020ko uztailetik. Esan duenez, bere helburua "beti" izan zen "gatazka hau hurrengo belaunaldien eskuetan ez usteltzea".

Epaiketak errepikatuko dituzte

2010ean, Urrutikoetxeari zazpi urteko kartzela-zigorra jarri zion Frantziako Estatuak ETAko kide izateagatik 2002 eta 2005. urteen artean, "bere hierarkiako posizioa", buruzagi bezala, eta talde armatuaren beste liderrekin izandako kontaktuak kontuan izanda.

2017an berriz epaitu zuten, ihes-auzian ere, ETAko kide izateagatik 2011 eta 2013 artean. Garai horretan, jurisdikzioaren arabera, "Espainiako Gobernuarekin elkarrizketa sekretuak izan zituen".

Horregatik, Urrutikoetxearen ustez, "Frantziako Estatuak, arau diplomatiko oinarrizkoenak hautsita, ni epaitzea hautatu du. Ikuspuntu penala hobetsi du, eta gatazka armatutik irteteko ahaleginak onartzeari uko egiten dio". Horren iritzian, auzi horiek "zalantzan jartzen dute" negoziazioetan parte hartzen duten pertsonen "segurtasun diplomatikoa".

Bi epaiketak errepikatzeko eskubidea erabili du Urrutikoetxeak, berandu atxilotu zutelako. Laurent Pasquet-Marinacce abokatuak defendatuko du.

Gainera, Frantziako bi auziez gain, Josu Urrutikoetxearen kontrako beste hiru auzi espainiar tramitatzen ari dira.

Parisko Apelazio Auzitegiak bi eman ditu ontzat —defentsak helegiteak jarri ditu Gorenaren aurrean—, 1987ko Zaragozako kuartelaren kontrako atentatuagatik (11 pertsona hil ziren, bost ume tartean) eta ETAren finantzazioagatik.

Hirugarren auzia Luis Hergueta Michelingo fabrikako zuzendariaren hilketaren gainekoa da. Gasteizen hil zuten, 1980an. Azaroaren 18an ebatziko dute.

"Justizia trantsizionala"

2006ko su-etenean bukatu ziren negoziazioez ere hitz egin du ETAko buruzagi ohiak. Horren arabera, justiziatik ihes eginda zegoela, Oslora joan zen, jet pribatu batean, Suitzako Poliziak babestuta. Elkarrizketan azaldu duenez, "nire taldeko pertsonekin hamarka edota ehunka bilera" beharrezkoak izan ziren konbentzitzeko. "Ez dut ukatuko: ez zen erraza izan", esan du.

ETAren desegiteaz, zera esan du: "Oso prozesu luzea izan zen. Eta, oso maiz, nire taldeko jendea konbentzitzen aritu nintzen. Esango nuke heltze prozesua luzeegia izan zela…".

"Klandestinitatera igarotzeko momentua heldu zenean, nire helburua izan zen gatazka hori etorkizuneko belaunaldien eskuetan usteltzen ez uztea. Hori zegoen nire buruan denbora guztian", azaldu du Urrutikoetxeak Marianne aldizkarian.

Urrutikoetxeak "justizia trantsizionala" eskatu du: "Definizioz, zuzenbide-estatuan malgutasuna sartzea esan nahi du". Eta memoria ere eskatu du, "gatazka ez betikotzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Frantzia ETA Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak