Politika -
Deklarazioa New Yorketik
ETAri unea aprobetxatu eta amaiera iragartzeko esan dio Patxi Lopezek
Konferentziari "errespetu osoa" diola azpimarratu du lehendakariak. "ETAk bere amaiera iragartzeko konferentziaren beharra badu, aukera hori aprobetxatu dezatela eskatu nahi diet", azaldu du.
Erredakzioa
Nazioarteko Bake Konferentziak "ETAri ekintza terrorista guztiak baztertzeko exijentzia egitea" espero duela adierazi du Patxi Lopez lehendakariak. Konferentzia Donostian egingo dute astelehen honetan.
Lehendakaria AEBetan da euskal enpresarien eta erakundeen delegazio batekin batera. Igandean New Yorkeko zero gunea bisitatu du eta dorre bikiak irailaren 11ko eraso terroristen aurretik zeuden lekuan, asteleheneko Konferentzia "asko" errespetatzen duela adierazi du, baina argi utzi du "terrorismoari gailentzeko" ez dagoela "inolako beharrik".
Horrez gain, "ETAk edo bere ingurukoek behin betiko amaiera iragartzeko eszenatoki berezia behar badute Konferentziaren aukera aprobetxa dezatela" eskatu die.
Bestalde, Lokarri eta Nazioarteko Kontaktu Taldeari (GIC) konferentziako antolatzaileei ere eskaera bat egin die: Konferentziak ETAri ekintza terrorista guztiak alde batera uzteko exijentzia egin dezala.
Azkenik, lehendakariaren hitzetan, "demokraziak terrorismoaren aurka lortutako garaipena" ez da "inoren oparia", "zuzenbide estatuaren irmotasunaren emaitza baizik".