Politika -
Katalunia
20 hilabeteko gaitasungabetzea ezarri diete Parlamentuan JxSik zituen ordezkariei
Lluis Corominas, Anna Simo, Ramona Barrufet eta Lluis Guino zigortu ditu Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak, eta Mireia Boya CUPeko diputatu ohia absolbitu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 20 hilabetez gaitasungabetu ditu aurreko legegintzaldian Junts Pel Si koalizioak Parlamentuko Mahaian zituen lau ordezkariak. Proces auziko legeen tramitazioa baimendu zutela iritzita hartu du erabakia Justizia Auzitegiak. Mireia Boya CUPeko diputatu ohia, aitzitik, absolbitu egin dute.
Hain zuzen ere, Lluis Corominas, Anna Simo, Ramona Barrufet eta Lluis Guino dira zigortutako lau politikariak. Horiek guztiek, beraz, ezingo dute 20 hilabeteko epean kargu publikorik bete, eta 30.000 euroko isuna ordaindu beharko dute desobedientzia delituagatik. Izan ere, epaiaren arabera, entzungor egin zieten Konstituzionalaren aginduei.
Mireia Boyari ere desobedientzia delitua egotzi zioten, lege horien tramitazioa bultzatzeagatik, baina ez du zigorrik jaso, "ez zuelako Konstituzionalaren agindurik izan".
Oraindik ebazpena behin betikoa ez bada ere, litekeena da Lluis Guinok diputatu kargua galtzea, Hauteskunde Batzordeak hala erabakitzen badu.
Epaiaren arabera, Mahaiko ordezkari independentisten desobedientziak kontra egin zien Auzitegi Konstituzionalak emandako manuei.
Epaileen iritziz, zigortutako lau politikariek tramitera onartu zituzten azaroaren 9ko adierazpena aurrera eramateko bideratutako ekimen parlamentarioak, Konstituzionalak horretarako baimenik eman ez bazien ere. Gainera, irailaren 6an eta 7an, erreferendumaren eta iragankortasun juridikoaren legeak onartu zituzten Parlamentuan, eta horrek "erreferendum ilegal bat deitzea eta errepublikan oinarritutako estatu forma berri baten etorrera" suposatuko luke.
Hartara, Fiskaltzak eskatutako inhabilitazio zigorra ezarri die auzitegiak lau ordezkariei: urtebete eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra eta kargu publikoak betetzeko debekua.
Bestalde, epaiketa prozesuagatik izan diren gastuen % 10 zigortutako lau ordezkarien esku geratuko dira.