Politika -

Ondorioak

ETAri bukatzeko eta gobernuei elkarrizketa eskatu die Konferentziak

ETArekin soilik "gatazkaren ondorioei buruz" eztabaidatzeko eskatu diete Donostiako Bake Konferentzian parte hartu duten nazioarteko adituek Espainiako eta Frantziako gobernuei.

Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia adierazpena irakurtzen. EITB
Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia adierazpena irakurtzen
Bake Konferentziaren itxiera adierazpenaren irakurketa

04:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAri "behin betiko" bukatzeko eta Espainiako eta Frantziako gobernuei erakunde terroristarekin "gatazkaren ondorioei buruz" soilik eztabaidatzeko eskatu die Donostiako Bake Konferentziak. Horiek dira nazioarteko konferentziaren bi ondorio nagusiak.

Era berean, "biktima guntzientzako" ordaina planteatzen du adierazpenak. Bestalde, alderdien arteko elkarrizketa eskatu du Konferentziak eta prozesu horren amaieran herri galdeketa bat egin daitekeela erantsi du.

Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak irakurri du adierazpena eta bost gomendioren berri eman du prentsaurrekoan. Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohiak, Gro Harlem Bruntland Norvegiako lehen ministro ohiak, Gerry Adams Sinn Feineko buruzagi ohiak, Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohiak eta Jonathan Powell, Tony Blair Britainia Handiko lehen ministro ohiaren Gobernuko kabinete buruzagiak, lagundu dute Ahern.

Adierazpenaren aurreneko puntuak ETAri "ekintza armatua behin betiko uzten duela iragartzeko adierazpen publiko bat egitea" eskatzen dio. Era berean, "soilik gatazkaren ondorioei buruz hitz egiteko elkarrizketa eskatu die Espainiako eta Frantziako Gobernuei".

Horrela, bi exekutiboei balizko iragarpen horri "ongietorria" emateko eta "soilik gatazkaren ondorioei buruz hitz egitea onartzea" eskatu diete konferentziako partehartzaileek. Hala ere, elkarrizketa horren nondik norakoak ez ditu zehazten adierazpenak, baina ETAko presoen egoeraz eta erakunde terroristaren desarmeaz hitz egiteko formula bat izan daiteke.

Ahernek irakurritako bost puntuak honako hauek dira:

1. "Ekintza armatua uzten duela iragartzeko adierazpen publiko bat egitea eskatzen diogu ETAri, eta erakunde terroristarekin soilik gatazkaren ondorioei buruz eztabaidatzeko eskatzen diegu Espainiako eta Frantziako gobernuei".

2. "Adierazpen hori egiten baldin badute, Espainiako eta Frantziako Gobernuek ongietorria eman beharko liokete eta gatazkaren ondorioetaz bakarrik hitz egiteko elkarrizketa hastea onartu".

3. "Bakeak egiteko eta biktima guztiei ordaina emateko pauso sakonak ematea eskatzen dugu, eragindako nahigabea onartzeko eta zauri pertsonal eta sozialak osatzen laguntzeko".

4. "Gatazken konponbidean eskarmentua dugu eta sarritan eztabaidatzen diren beste gai batzuek bake iraunkorra izaten lagun dezakete. Ordezkari politikoak eta beste aktore batzuk bildu eta gai politikoak eztabaidatzea proposatzen dugu, errespetuaz eta herritarrei galdetzeaz esaterako, horrek gatazkarik gabeko aro berri bati lagun diezaiokeelako. Bitartekariek edo begiraleek elkarrizketari lagundu behar diote. Aldeek horrela nahi izango balute hemen ere begiraleek elkarrizketari lagun diezaiokete".

5. "Gomendio guzti hauen jarraipena egiteko batzorde bat antolatzeko prest gaude".

Konferentzian parte hartu duten alderdietako eta erakundeetako 50 bat kideek testuaren irakurketa jarraitu dute Donostiako Aiete Jauregiko lorategietan.

Erreakzioak

Bake Konferentziako ondorioak entzun ostean kolektibo, erakunde eta alderdi politikoek berehala erreakzionatu dute. Horrela, "konferentziak ETAri ekintza terroristak behin betiko uzteko eskatzea garrantzitsua" dela adierazi du gaur Patxi Lopez lehendakariak.

Bestalde, Espainiako Gobernuak ETAri "indarkeria besterik gabe eta behin betiko uzteko" exijitu dio. Gainera, nahiz eta Alderdi Popularra konferentziara ez joan gertatutakoa aztertu du. Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak esan du Konferentziaren ondorioak "onartezinak" direla "edozein demokratarentzat".

Azkenik, ETAk hildako pertsonen senitartekoen talde bat konferentziara joan da nazioarteko politikoei erakunde terroristak egindako hilketen inguruan informazioa emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea