Politika -
Analisia
Francoren jauregian, ETAren zain
Bake konferentzia arrakastatsua izan da. Sentsazio hori adierazten zuten sukaldean egon direnek behintzat. Gidoia hitzez hitz bete da, hasieratik bukaeraraino, eta ezer ez da lekuz kanpo egon.
Iñigo Herce
Inor ez da jokoz kanpo geratu. Adostutako planifikaziotik at jazo den bakarra –Rufi Etxeberria eta Martín Garitanoren gorbatak alde batera utzita--, ETAren biktimen bisita izan da. Baina hori ere modu natural eta erosoan txertatu dute Konferentziaren unibertsoan antolatzaileek. Abegi eskaintzeaz gain, euren aldarrikapenak jaso eta partehartzaileei helaraziko zaizkiela ziurtatu diete.
Barruko lan saioan bertan egon direnek ez dute ukatu dena aldez aurretik hitzeginda zegoen moduan joan dela. Giroa oso lasaia izan da, ez da tentsio unerik izan, eta bakoitza egokitu zaion denbora eskasa (hiru minutu, batzuk, bakarra beste batzuk) aldez aurretik prestatuta zeukan mezua zabaltzeko erabili du. Alderdi Sozialistaren izenean, Jesús Egigurenek hartu du hitza. Bere partehartzea behar baino luzexeagoa izan da, eta bertan, nagusiki, alderdiak ETA-ren amaieran izan duen garrantzia azpimarratu du, eta Lopez lehendakariak mahai gainean jarri duen plana defendatu du.
Nazioarteko gonbidatuek ere parte hartu dute: Kofi Annan, Bertie Ahern, Gerry Adams edo Jonathan Powellek hitza hartu dute, eta hurrengo urratsak zeintzuk izan beharko luketen argi utzi dute: Brian Currin bitartekariak kanpoan esan duenez, ETA-k du prozesu guztia abian jartzeko gakoa, giltza. Berea izan behar da lehen hitza, eta hitz horrek indakeriaren amaierarako konpromezu argia behar du izan. Horren ondotik etorriko dira hurrengo pausuak. Tartean, presoen egoeraz hitzegitea, desarmeaz eta "segurtasun kontuetaz", Currinen hitzetan. Hegoafrikako abokatuak esan duenez, biktimen papera ere ondo baino hobeto jasota dago gaurko adierazpenean, nahiz eta ETAko biktimen taldeek horrela ulertu ez. Eta azken aipamen bat ere egin du Currinek: mahaian eseri diren alderdi guztiek bat egin dute amaierako deklarazioak biltzen dituen puntuekin. Beraz, eta hori hala bada, Euskadiko Alderdi Sozialista bat dator ibilbide orriarekin.
Denak ETA-ren zain geratu dira, beraz. Hurrengo egunotan etorri beharko luke batzuen ustez adierazpen istorikoa izan litekeena. Jakina, hemen izan diren izen ospetsuek ez lukete euren sinesgarritasuna auzitan jarriko aurretik erabateko bermerik izan ezean, ezker abertzale ofizialeko bozemaile batek adierazi duenez.
Nekez pentsatuko luke Donostiako Aieteko Jauregian udara lasaiak igarotzen zituen diktadoreak, ETAren amaiera ekar zezakeen biltzarra bertan burutko zela. Burua altxako balu...