Politika -

KONGRESUA

"Eskuin muturraren" aurkako manifestua aurkeztu dute EAJk eta EH Bilduk

PSOE, Unidas Podemos, ERC, Mas Pais, Compromis, Junts, BNG eta CUP alderdi eta koalizioek ere izenpetu dute "demokraziaren aldeko manifestua".

Kongresuko saioa. Argazkia: EFE
"Eskuin muturraren" aurkako manifestua aurkeztu dute EAJk eta EH Bilduk
Kongresuko saioa. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta EH Bilduk "eskuin muturraren" aurkako manifestua aurkeztu dute, PSOE, Unidas Podemos, Mas Pais eta beste zenbat alderdi nazionalista eta independentistarekin batera, irain edo diskurtso "xenofoboak, arrazistak edo matxistak" dituzten diputatuen aurkako zigorrak bultzatzeko.

Hain zuzen ere, EAJ, EH Bildu, PSOE, Unidas Podemos, ERC, Mas Pais, Compromis, Junts, BNG eta CUP alderdi eta koalizioek izenpetu dute "demokraziaren aldeko manifestua".

Horiek guztiek berretsi dute "giza eskubideen, demokraziaren, justizia sozialaren eta herritar guztien berdintasunaren aldeko konpromisoa; jaiolekua, generoa, erlijio sinesmenak edota sexu-joera gorabehera".

Demokraziarekin bateraezina

Ildo horretan, ohartarazi dute legegintzaldi honetan entzun dituzten "diskurtso arrazistak, xenofoboak eta matxistak" sistema demokratikoarekin bateraezinak direla, eta "elkarbizitzan arrisku handia" dakartela.

Gainera, argi utzi dute ez dituztela onartuko pandemiarekin lotutako "estrategia eta diskurtso negazionistak", "osasunean eta bizikidetzan ondorio negatiboak dituztelako".

Era berean, elkartasuna adierazi diete "eraso eta irainak" jasan dituzten pertsona guztiei; Kongresuko eta Gobernuko ordezkariei, bereziki.

Gorrotoaren aurka

"Horregatik guztiagatik, manifestu honen alde egin dugun guztiok adierazi nahi dugu ez ditugula gorroto jarrerak onartuko; zigortu egin behar dira. Eskuin muturraren aldeko edozein keinu gaitzetsiko dugu, batez ere, Gobernuarekin eta erakundeekin zerikusia badu", azaldu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PSOE EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak ERC