Politika -
Kongresua
Aho batez bota dute atzera Voxek Pedro Sanchezen kontra aurkeztutako zentsura-mozioa
Santiago Abascal buruzagi ultraeskuindarrak bere alderdiko 52 diputatuen babesa lortu du soilik. Gainerako parlamentari guztiek kontrako botoa eman dute. Ez da abstentziorik izan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Santiago Abascal bakarrik geratu da Pedro Sanchez Espainiako Gobernutik kentzeko bidean. Espainiako Kongresuak atzera bota du Voxek Sanchezen kontra aurkeztu duen zentsura-mozioa. Abascalek bere alderdiko 52 diputatuen babesa jaso du soilik, gainerako guztiek aurka bozkatu dute, baita Alderdi Popularrak ere.
Araudia betez, bozketa publikoa izan da eta botoa ahoz eman dute. Alabaina, pandemia dela eta ezarritako prebentzio neurrien ondorioz, parlamentarien gehiengoak telematikoki bozkatu dute eta Kongresuko Mahaiako idazkariak irakurri ditu haien botoak.
Sanchez presidente kargutik kentzeko eta Espainiako Gobernuan haren tokia hartzeko, Voxen hautagaiak gehiengo absolutuaren babesa (176) behar zuen, baina halakorik lortu ez duenez, zentsura-mozioa indargabetuta geratu da.
Abascalek eskuin muturreko 52 diputatuen aldeko botoak baino ez ditu jaso. Gainerako talde parlamentario guztiek, EAJk eta EH Bilduk barne, kontra bozkatu dute. Ez da abstentziorik izan.
Horrela, bada, azken 40 urteotan Espainiako Kongresuan aurkeztu diren zentsura-mozioetatik babesik txikiena izan du Abascalenak. Aliantza Popularrak 68 boto lortu zituen 1987an eta Podemosek 82 2017an.