Politika -

Bake Konferentzia

Rajoyk dio 'garrantzitsuena' ETAk amaiera iragartzea dela

PPren presidenteak esan du ez duela sustatuko atzoko "anabasaren zeremonia". Rubalcabak, bere aldetik, batasuna eskatu du, "terrorismoaren amaieraren aurrean gaude eta".

Mariano Rajoy PPren presidentea, Basagoitirekin, Abadiñon. Argazkia: Efe
Mariano Rajoy PPren presidentea, Basagoitirekin, Abadiñon.
Mariano Rajoy PPren presidentea, Basagoitirekin, Abadiñon. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy PPren presidenteak ez du iritzirik eman nahi izan atzoko Bake Konferentziaren ondoren irakurri zuten adierazpenaren inguruan eta argi adierazi du "garrantzitsuena ETAk agiri baten bitartez jarduera kriminala betiko eta baldintzarik gabe baztertzen duela iragartzea" dela.

Rajoyk Abadiñoko (Bizkaia) Gestamp Automocion enpresan egin ditu adierazpenok.

"Ez dut anabasaren zeremonia sustatuko", azpimarratu du Rajoyk, eta ohartarazi du ETAren agiri hori ezean ez duela "zentzurik" horri buruz hitz egiteak.

PPren presidenteak gaineratu duenez, "erakunde terroristari legea erabiliz, Zuzenbidezko Estatutik eta demokraziatik irabaziko diogu".

Ezker abertzaleak gaur konferentzian irakurritako adierazpenari eman dion babesaz ere ez du ezer esan nahi izan.

Rubalcabak batasuna eskatu du

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEre presidentegaiak berretsi du "ETAren kontrako borrokaren azken pausoak" ematen ari direla eta "irmotasuna, batasuna eta zuhurtzia" eskatu ditu "terrorismoa amaitzear" delako.

Hitz horiekin laburtu du Rubalcabak atzoko Bake Konferentziaren testuingurua, eta errefusatu egin du ondorioen adierazpenari edo partehartzaileei buruzko iritzia ematea.

"Terrorismoaren kontrako borrokako azken kilometroetan gaude, irmo jokatu behar dugu, zuhurtziaz, baina batuta egon behar dugu ETAri indarkeria betiko bazter dezala exijitzeko", berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea