Politika -
Donostiako Bake Konferentzia
Eguiguren: 'Lehendakariak arriskatu egin beharko zukeen bakearen alde'
PSE-EEko presidenteak uste du sozialistek "bakea gidatzeko aukera" galdu dutela.
Erredakzioa
Jesus Eguiguren PSE-EEko presidentea "oso haserre" agertu da Eusko Jaurlaritzak Donostiako Bake Konferentziaren aurrean izandako jarrerarekin, eta kritikatu du Patxi Lopez lehendakariak "arriskatu" egin beharko zukeela bakea lortzeko, "horrek Madrilen arazoa sor zitzakeen arren".
"Ulertzen dut Madrileko Gobernuak polemikak piztu nahi ez izatea, baina Euskadin gure helburua bakea egitea zen, horretarako hautatu gintuzten, eta ulertezintasunak eta Madrilen piztuko ziren arazoak gorabehera, lehendakariak erre, arriskatu eta dena jokoan jarri egin beharko zukeen", esan du, El Periodico de Catalunya egunkariak gaur argitaratutako elkarrizketa batean.
"Ez dut kritikatu nahi, baina hau gertatzen ari zela esan nionean, zuhurtzia nahiago izan zuen. Ulertzen dut lehendakariak mugimenduak neurtu behar dituela, baina euskal herritarrek bakea egiteko hautatu zuten, eta kiskali egin beharko zukeen beharrezkoa bazen", gaineratu du.
Eguigurenen ustez, "hemen eta Euskadin gobernatzen dutenak" ez dira ohartu "bakearen unea" dela, eta ondorioz "Bilduk aurrera hartu eta bakearen errentagarritasuna aprobetxatuko dute".
"Sozialistok galdu egin dugu bakea gidatzeko aukera", deitoratu du.
Presoen egoera
Euskal sozialisten presidenteak kritikatu du politikariek terrorismoaren amaiera "antolatu" beharko zuketela.
Horren harira, Eguigurenek ohartarazi du kartzela politika "aspalditik" aldatuta egon beharko zela: "Presoak dauden bitartean, ETA existitu egingo da. Logikaren arabera, etxetik gertu egon beharko lirateke".
Arnaldo Otegi
Arnaldo Otegiri buruz, Eguigurenek esan du ez duela "ulertzen" zergatik dagoen espetxean: "Legea bete behar da, baina malgua ere izan daiteke. Preso egonda, kanpoan izango zuena baino ospe politiko handiagoa lortzen ari da. Mito bat sortzen ari gara".
Nolanahi ere, ez du uste Otegi inoiz lehendakari izango denik: "Bilduk bere boto kuota maximoa lortu du jada, ez da gehiago igoko".