Politika -
Donostiako Bake Konferentzia
Jaurlaritzak Eguigureni: 'Lehendakaria kiskali egin da bakearen alde'
Konferentziaren egunean Patxi Lopez AEBetan zegoela eta, Idoia Mendia bozeramaileak esan du gobernuburua "behar zuen lekuan" izan zela.
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak erantzun egin dio Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteari, eta Patxi Lopez lehendakaria "behar zuen lekuan" izan dela eta gobernuburua eta sozialistak azken 20 urteotan bakearen alde "kiskali" egin direla esan dio.
Izan ere, El Periodico de Catalunya egunkarian egindako elkarrizketa batean, Eguiguren kritiko agertu da Lopezen paperarekin, batik bat Donostiako Konferentziara ez joateagatik, eta "gehiago arriskatu" behar zuela eta bakearen alde "erre" ere egin behar zela esan du.
Hori horrela, Bilbon Estatu autonomikoaren etorkizunari buruzko jardunaldi bat inauguratu eta gero, Mendiak adierazi du Jose Luis Rodriguez Zapatero bakearekin konprometituen izan den presidentea izan dela, eta Patxi Lopezek agintaldi amaieran esan ahalko duela normaltasuna lortu dela.
Horrenbestez, Patxi Lopez bakearen alde "kiskaltzen" ari dela nabarmendu du: "Eta herrialde honen etorkizuna mugetatik kanpo ere bilatu behar da", esan du, lehendakaria egunotan AEBetan egiten ari den bidaiaren harira.
Azkenik, Mendiak esan du Eguigurenek esandakoa "haren iritzia" dela, eta PSE-EEko presidea "asko errespetatzen eta estimatzen" duela.