Politika -
EH Bildu
Otegi: "Gure kaleetan ez dago faxista eta erreakzionarioentzako tokirik"
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak adierazi du bigarren konfinamendua ezarriko duten berberak direla "gauzak ondo egin ez dituztenak", nahiz eta "herritarrei bota dieten errua".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik ziurtzat jo du bigarren konfinamendu bat egongo dela, eta adierazi du Euskadiko kaleetan ez dagoela "faxistentzako eta agenda erreakzionario bat proposatzen duten horientzako" tokirik.
"Herrialde honetan, neurriak (zorrotzak noski) aldarrikatzen ditugunok, baina inbertsio publikoa babesten dugunok betetzen ditugu kaleak. Hori da sortu nahi dugun eztabaida, ez dira gauzak nahastu behar", esan du. Azken egunotako protesta "negazionistei" buruz, ordea ez du deus aipatu "ez duelako pena merezi sektore horiekin eztabaidatzea".
Nolanahi dela, argi utzi du bere ikuspuntua ez datorrela, inolaz ere, horrekin bat. Halere, uste du badirela baten batzuk "arreta gunea" eta "oinarrizko eztabaida" desbideratu nahi dutenak, "osasun publikoari leku gehiago eta negazionistei gutxiago eman behar zaielako".
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak azpimarratu du bigarren konfinamendua ezarriko duten berberak direla "gauzak ondo egin ez dituztenak", nahiz eta "herritarrei bota dieten errua".
"Orain errua jendearena da, lasaitu egin omen delako agintariek egoera kontrolpean zutela esan ostean. Jarrera asko arduragabeak dira, baina ezin zaio errua jendeari bota", ziurtatu du EH Bilduren Mahai Politikoak izandako bileraren ondotik.
Otegik kritikatu du agintari politikoak "pixkanaka" ari dira informazioa ematen, jendea heldua izango ez balitz bezala: "Hau da, denok dakigu bigarren itxialdi bat egongo dela, martxokoaren berdin-berdina izango ez bada ere".
"Egia esan behar dute, batzuetan min egiten badu ere", nabarmendu du, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko "neurri drastikoak" eta "guztion ahalegina" nahitaezko osagarriak direla argi utzita. "Aurki hartuk dituzte neurriak; beti bezala, berandu eta gaizki", bukatu du.