Politika -

euroagindua

Frantziak azaroaren 17an erabakiko du Urrutikoetxea Espainiaren esku uzten duen

Apelazio Auzitegiak urte hasieran hartutako erabakiaren aurka Urrutikoetxeak aurkeztutako helegitea aztertu du gaur Gorenak.

Urrutikoetxea, ETBko bideo batetik ateratako artxiboko argazki batean.
Josu Urrutikoetxea.
Urrutikoetxea, ETBko bideo batetik ateratako artxiboko argazki batean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Auzitegi Gorenak azaroaren 17an ebatziko du Josu Urrutikoetxea ETAko buruzagi ohia Espainiako Estatuaren esku uzten duen. Espainiako Justiziak iaz eskatu zuen Urrutikoetxea estraditatzea 1987an Zaragozako kuartel-etxearen kontra egindako atentatuan parte hartu zuelakoan. 11 pertsona, tartean sei ume, hil zituen ETAk.

Parisko Apelazio Auzitegiak urtarrilaren 8an emandako autoaren kontrako helegitea aurkeztu zuen Urrutikoetxeak. Auzitegiak ontzat eman zuen Urrutikoetxea atentatu horregatik Espainian epaitzea (20-30 urteko kartzela zigorra ezar liezaiokete).

Urrutikoetxea baldintzapeko askatasunean da uztailetik. Osasun eta adin arrazoiak tarteko utzi zuten libre, eskumuturreko telematiko baten kontrolpean betiere.

Defentsak bere eskaeran emandako bi argudioen kontra egin du Fiskaltzak. Urrutikoetxearen abokatuaren arabera, txosten judizialean agiri bat falta zen, eta Auzitegi Nazionalak egindako estradizio eskaerak kutsu politikoa du.

Lehenengoaren inguruan, fiskalak esan du ustez falta zen agiri hori egon badagoela txostenean. Goreneko epaileak berretsi egin du.  

Bigarrengoari buruz, Ministerio Publikoak gogorarazi du Apelazio Auzitegiaren instrukzio aretoak berak prozeduraren kutsu politikoa baztertu zuela. Zehazki, argitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak 2002ko azaroaren 14an leporatu zion Urrutikoetxeari Zaragozako atentatua, eta orduan igaro zela ETAko kidea klandestinitatera.

Defentsak, ordea, bestelakoa uste du. Argudiatu duenez, Espainiako Justiziak denbora luzea eduki zuen Urrutikoetxea auzipetzeko aukera, eta ez zuen egin.

Ez dute berehalakoan estraditatuko

Gorenak Urrutikoetxearen helegitea baztertu eta Espainiaren esku uztea ebatziko balu, presoa ez lukete berehala Espainiako justiziaren esku utziko. Izan ere, hainbat auzi ditu zabalik Frantziako justizian.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Paris Presoak Frantzia ETA Eguneko albisteak Albisteak