Politika -

Erreakzioak

ETAren adierazpena itxaropentsu hartu dute alderdi gehienek

Euskadi "zoriontasun kolektiboko unea bizitzen ari da", EAJren hitzetan. ETAren aurrean demokraziak "sendotasuna azaldu" duela adierazi du PSEk. ETAk "negozioa erabat ixtea" espero du PPk.

Argazkia: EITB
Argazkia: EITB
Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ

ETAren komunikatuaren ostean Euskadi "zoriontasun indibidualeko eta kolektiboko unea bizitzen ari da", EAJko presidentearen hitzetan. Hala ere, "dena ez dago eginda", ohartarazi du Urkulluk, izan ere, adiskidetzea, elkarbizitza eta bakea lortzeko "lan" egitea beharrezkoa da.

PSE

Txema Oleaga Bilboko Udaleko zinegotzi sozialistaren ahotan, ETAren aurrean "bere sendotasuna azaldu" demokraziak eta gizartea "bakean bizitzea lortzeko neurria eman" behar dela ohartarazi du.

PP

ETAren "pertsiana jaitsierarekin negozioa erabat ixtea" espero duela esan du gaur Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak. "Oinarri demokratikoak, askatasuna eta biktimak aintzat hartzeko" jarrera aldaketa bat eskatu dio erakunde terroristari Basagoitik.

Aralar

"ETAren adierazpena agente politiko guztiek eta gizarteak sinetsi" dutela azpimarratu du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak. Era berean, "aro berri batean sartzen" ari garela nabarmendu du.

EA

"Estatuen immobilismoaren aitzakiak" amaitu dira ETAren komunikatuaren ostean, adierazi du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak. Orain "pilota Espainiako eta Frantziako gobernuen teilatuen gainean" dagoela erantsi du. "Agintari politikoen espetxeratzeak eta presoen eskubideak ukatzen jarraitzea onartezina" dela esan du Urizarrek.

EB

Espainiako Gobernuak "neurria emateko dei" egin du gaur Mikel Arana Ezker Batuako legebiltzarkideak. Horrela, ETAk indarkeria "behin betiko" uzten duela baieztatzeko "egiaztatze prozesu" bat martxan jartzeko eskatu dio Exekutiboari. Gainera, erakunde terroristarekin "elkarrizketa bideak" zabaltzeko eskatu dio Gobernuari, "desegitea, armak eta presoen egoerari buruz soilik hitz egiteko, hau da, gai teknikoak jorratzeko".

UPyD

Nicolas de Miguel UPyDko koordinatzaileak adierazi duenez, oraindik ETA "desegitea falta" da, "metrailetak entregatu eta barkamena eskatu behar dute". Era berean, "historiaren berridazketa errugabeen hilketaren aurrean ezer esan gabe geratu ziren faxisten eskuetan utziz gero ez da justiziarik" izango, ohartarazi du.

Izquierda abertzalea

Ezker abertzaleak ohartarazi du ETAk jarduera armatua uzteko hartutako "erabaki historikoa" ez dela "gatazka politikoaren amaiera". Hori horrela, elkarrizketak abiarazteko deia egin du, "Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortza" barne hartuko duen "akordio demokratikoa" lortzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea