Politika -

Kontzentrazioak

Lehendakariak ez du ekitaldirik deituko ETAren amaiera ospatzeko

Adostasun ezagatik hartu du erabakia, izan ere, EAJk ekimena ez babestea erabaki du Bilduk ere horixe erabaki ondoren.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua, gaur. Argazkia: Efe
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua, gaur.
EAJ eta Jaurlaritza aurrez aurre, ETAren amaiera ospatzeko ekitaldiengatik

00:37

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak ez ditu ETAren amaiera ospatzeko ekitaldiak deituko eta ez ditu herritarrei larunbatean udaletxeen parean kontzentrazioak egitea proposatuko. Izan ere, adostasunik ez da egon alderdien artean EAJk ekimena ez babestea erabaki baitu Bilduk ere horixe erabaki ondoren.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak aitortu du lehendakariak ez duela espero zuen babesa lortu alderdiekin eta agente sozialekin egin dituen kudeaketetan eta ondorioz, gizarteari kontzentrazioak egiteko deia ez egitea erabaki duela.

Aresen esanetan, "ETAren amaiera ospatzea" eta gizarteak "bake eta askatasun garai berriarekin" duen konpromisoa berrestea zen lehendakariak kontzentrazioekin bilatzen zuen helburua.

Bilduk errefusatu egin zuen ekimenean partehartzea eta horren ondorioz, EAJk ere deialdia ez onartzea erabaki du.

Herrizaingo sailburuak EAJ kritikatu du "denbora guztian Bilduri eta Amaiur koalizioa osatzen duten alderdiei begira" dagoelako eta argi adierazi du kontzentrazioetarako lelorik ez zutela proposatuko eta ez zela adierazpenik egingo.

Lehendakaria Urkullurekin bildu zenean ekitaldiak deitzeko asmoa agertu omen zion eta EAJren presidentea izan omen zen udaletxeen aurrean izateko aukera proposatu zuena.

Aresek azpimarratu du Bilduk bakarrik huts egin bazuen aurrera jarraituko luketela ekimenarekin, baina lehendakariak pentsatu omen du ez zela "zentzuzkoa azken urteotan ETAren amaiera aldarrikatzen jardun garenotako asko kanpoan geratuta".

EAJk ukatu egin du bere errua dela

EAJren Euzkadi Buru Batzarrak ukatu egin du lehendakariak ekitaldiak bertan behera uztearen errua berea dela. Gainera, euskal herritar guztiak elkarrekin ETAren amaiera ospatzeko ekitaldietara joango dela hitz eman du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea