Politika -
Prentsaurrekoa
Nafarroak bere estatusa erabaki behar duela uste du ezker abertzaleak
Dena dela, ulertzen du momentu honetan lehentasuna "sufrimendu gehiagorik ez egotea" dela.
Erredakzioa
Behin ETAren ekintza armatuak desagertuko direla jakin ostean, ezker abertzaleak uste du Nafarroan zabalduko den prozesu politikoak "gizarteak bere estatus politikoaren inguruan eztabaidatu eta erabakitzea" ahalbidetu beharko lukeela, gaur Iruñean egindako prentsaurreko batean.
Horrela adierazi dute Ainhoa Irigibelek euskaraz eta Juan Kruz Aldasorok erdaraz irakurritako manifestu batean. Idatzi horretan, "euskal gatazka behingoz" gainditzeko "hitzarmen demokratiko" baten alde apustu egingo dutela azpimarratu dute.
Batasuna ohiaren Mahai Nazionaleko partaide izandako Aldasorok esan du ezker abertzaleak badakiela "azken urte luze hauetan eragindako mina handia" izan dela, eta "berau aitortu eta konpondu" beharko dela.
Dena dela, ulertzen du momentu honetan lehentasuna "sufrimendu gehiagorik ez egotea" dela, zeren eta "biolentzia mota bat eten egin da, jada ez da existitzen" baina, kontran, " beste hainbatek", aldiz "ez dute jarduna eten".
Biolentzia mota horiek identifikatzeko asmoz, gaixo larriak kartzelan uzteko erabakia edo gaur Iruñean gertatutakoa aipatu ditu. Gaur, Poliziak ikasleen aurka egin du, eskola publikoaren alde Iruñean egindako manifestazio batean.