Politika -
Euskal kolektibitateak
ETAren aroa gainditzeko laguntza eskatu dio diasporari Patxi Lopezek
"Hainbat urtez atzerrian indarkeriagatik bakarrik ezagutu izan zaigu ia. ETA leku guztietara jarraitu digun zama pisutsua izan da", adierazi du lehendakariak.
Erredakzioa
Euskadik "beharrezkoak dituen elkarbizitza eta errespetua ezartzeko" euskal diasporari laguntza eskatu dio Patxi Lopez lehendakariak, ETAren terrorismoa eta "iragan beltza" atzean uzteko.
Asiako, Amerikako, Europako eta Ozeaniako euskal zentroen ordezkaritzen aurrean hitzaldia eman du Patxi Lopezek Donostian. Euskal Kolektibitateen V. Kongresuari hasiera eman dio lehendakariak. Lau urterik behin egiten duten biltzarra da. Azaroaren 4ra arte Donostiako Kursaalean egingo dute bilera.
ETAk indarkeria terrorista uzten zuela iragarri zuenetik Euskadik bizi duen une politikoaren "intentsitatea" goraipatu du lehendakariak hitzaldian.
"Hainbat urtez atzerrian indarkeriagatik bakarrik ezagutu izan zaigu ia. ETA leku guztietara jarraitu digun zama pisutsua izan da. Gaur, hori guztia amaitu da, garai horrekin amaitzea eta bizikidetzarako beste batekin hastea lortu dugu", nabarmendu du.
"Guztion ahalegina"
Besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren eta Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen aurrean, lehendakariak adierazi du elkartasuna lortzeak "denbora asko" eramango duela, baina lortu egingo dela "guztion ahaleginarekin".
Egoera berriak bere isla izango du munduak duen Euskadiren "irudian", gaineratu du.
"Jada ez dugu oztoporik izango geu garen moduan ezagutzera emateko. Euskadiren marka ez da inoiz gehiago indarkeriari lotua egongo, eta bai kalitateari, lehiakortasunari, konfiantzari eta ondo egindako lanari. Herrialde ireki bezala ezagutuko zaigu, modernoa, jasangarria eta solidarioa", azpimarratu du.