Politika -

ESPETXE POLÍTICA

Urruntze politikaren amaiera eskatu du euskal gehiengo politiko eta sindikalak

Agiri bat izenpetu dute, presoen eskubideak errespetatzeko eskatuz. Etxerat elkartearen arabera, "urrats garrantzitsua da, herri honen orainarentzat eta etorkizunarentzat".

Adierazpen bateratuaren sinatzaileak, gaur, Bilbon. Argazkia: EITB.
Bilbo, gaur.
Adierazpen bateratuaren sinatzaileak, gaur, Bilbon. Argazkia: EITB.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legea bete dadila eta euskal presoen eskubideak errespeta daitezela eskatu dute euskal alderdi abertzaleek eta sindikatuek, elkarrekin kaleratu duten adierazpen batean. Beste espetxe politika bat aldarrikatu dute, eta euren babesa eskaini diote Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, alor horretan urratsak eman ditzan.

Etxerat elkartearen ekimenarekin bat eginez, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos alderdiek, eta ELA, LAB,UGT, CCOO, STEE, ESK, Hiru, Etxalde, EHNE, CGT eta CNT sindikatuek izenpetu dute agiria, eta gaur eguerdian Bilbon, Euskalduna jauregian, egin duten agerraldian aurkeztu dute. Irune Berasaluzek (EAJ), Maddalen Iriartek (EH Bildu), Raul Arzak (UGT) eta Ana Perezek (Steilas) irakurri dute idatzia, eragile guztien izenean.

Testuak jasotzen duenez, "beharrezkoa da beste espetxe politika bat, presoek beren gizarte eta familiako erroak dituzten lekuetatik urrun zigorrak bete beharra ekidingo duena". Halaber, politika berri horrek "presoak bere familiarekin harremanak izatea erraztuko" duela eta "adin txikiko seme-alaben ongizateari begiratuko diola, gurasoek haiekin egoteko duten eskubidea defendatuz" adierazi dute sinatzaileek.

"Konpromiso hau gizarteratu eta ezagutarazteko helburuarekin", gaur zabaldutako testua Iñigo Urkullu EAEko lehendakariari, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteari eta Jean Rene Etchegaray Euskal Elkargoko buruari ez ezik, EAEko udal guztiei eta Eusko Legebiltzarrari igorriko diete. Baita, Pedro Sanchez Espainiako presidenteari, Friendship kolektiboari eta espetxeetako zuzendaritzei ere.

Etxerat elkarteak, joan den otsailean, eragile politiko eta sindikalekin egindako batzarraren ondotik iritsi da gaurko urratsa. Bilera hartan, ondoko premisa adostu zuten parte-hartzaileek: "Espetxean dauden pertsona euskaldun presoek jasaten duten urruntzeari amaiera emateko premia eta, oro har, espetxe politikan oraindik indarrean dagoen salbuespen egoera gainditu beharraren premia". Ildo horretan, hauteskundeen ondoren, adierazpen publiko bateratu bat kaleratzeko konpromisoa hartu zuten, eta, hain zuzen, hori da gaur hedabideen aurrean zabaldutakoa.

Hala, Euskal Herrian "2011tik irekita dagoen errealitateari jarraiki",  ondorengo mezua helarazi diote Sanchezi: "Espainiako Gobernuari helarazten diogu Euskadiko Autonomia Erkidegoko gizartearen eta adierazpen honen sinatzaileen sostengu osoa, pertsona euskaldun presoei legedi arrunt soila eta espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak ematea erabakitzen badu, aldatzear dugun iraganeko logiken araberako legedian oinarritutako egoera behin betiko gaindituz".

Sinatzaileen iritzian, "helburu hau betetzeak modu erabakigarrian esku hartuko luke euskal gizartean eta politikan iraganarekin lotutako etapa bat ixten, eta aukera emango luke, biktima guztiak oroituz, bizikidetza demokratikoan ardaztutako orainaldiko eta etorkizuneko denboraldi berri bat eraikitzen".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza ELA LAB Espainiako Gobernua Presoak Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Podemos Ahal Dugu Euskadi Podemos Ahal Dugu Nafarroa Jean-René Etchegaray CCOO UGT Steilas María Chivite Frantziako Gobernua ESK