Politika -
Bilera erronda amaitu du
Lehendakariak askatasunaren aro berria zabaltzeko eskatu die kontsulei
Lehendakariak amaitutzat eman du gaur ETAren iragarpenaren osteko egoera aztertzeko elkarrizketaldia.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakaria mundu osoko 25 herrialdek Euskadin dituzten kontsulatuen ordezkariekin bildu da eta Euskadiko irudia "zabaltzen" laguntzeko eskatu die, "indarkeriaren estigmarik gabe". Gainera, ETArekin amaitzeko euren herrialdeek eman duten "laguntza" eskertu die eta "euskal gatazkak euskal irtenbidea" izango duela gaineratu du.
Lehendakaritzan hartu ditu lehendakariak EAEn dauden Belgika, Hego Korea, Ekuador, El Salvador, Mexiko, Frantzia, Gabon, Grezia, Ginea, Italia, Maroko, Norvegia, Herbehereak, Pakistan, Portugal, Dominikar Errepublika, Hegoafrika, Suitza, Turkia, Uruguay eta Venezuelako kontsulak.
"ETAk etsi izana ETAren biktimek indarkeriaren aurka bultzatutako gizartearen erantzunarekin lortu da, baita polizia eta justiziaren lanarekin eta nazioarteko laguntzarekin ere", esan du bileran.
Horren harian, "indarkeriaren aurka beste herrialdeen laguntza" eskertu du. "Euskadin gatazka bakarra egon da, erakunde terroristak eragindakoa", esan du.
"ETAren arazoa euskal arazoa izan da eta euskal irtenbidea izango du, nahiz eta ezker abertzaleak nazioarteko ikuspuntua eman nahi dion eta atzerrian erreferente artifizialak bilatu nahi dituen", esan du lehendakariak.
Kontsulei euren herrialdeetan "askatasunaren eta elkarbizitzaren aro berria zabaldu" dezaten eskatu die.
"ETAren amaierak indarkeriaren estigmarik gabe Euskadi atzerrian proiektatzea ahalbidetuko du, erkidego berritzaile moduan, bizi kalitate handiko toki gisa eta inbertsio produktiboari eta turismoari irekita", esan du.
Mundu osoko 25 herrialdek Euskadin dituzten kontsulen bilerarekin amaitutzat eman du lehendakariak ETAren iragarpenaren osteko egoera aztertzeko alderdi, sindikatu, eta erakunde ezberdinekin egin duen elkarrizketaldia.