Politika -

Ferrol (Galizia)

Itsas Armadako arduradun bat kargutik kendu dute "ekintza frankista" bat tarteko

Zentro militarreko agiri baten irudia zabaldu du Nestor Rego BNGko diputatuak. 1937an “C-5 eskuadra gorriko” urpeko ontziaren hondoratzearen urteurrena “efemerideen” artean aipatzen du dokumentuak.

Nestor Rego BNGko diputatuak zabaldu duen agiria.
Nestor Rego BNGko diputatuak zabaldu duen agiria.
Nestor Rego BNGko diputatuak zabaldu duen agiria.

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

A Grañako (Ferrol) Itsas Eskolako Ikasketa buruzagia kargutik kendu du Espainiako Armadak larunbat honetan, “egokia ez den efemeride” bat argitaratzea egotzita.

Eskolaren eguneko gai zerrendan “egokia ez den efemeride” bat argitaratu zuen Gerra Zibilarekin lotuta, Armadak, izenik aipatu gabe, agiri batean azaldu duenez. Horregatik, langilea, tokiko zuzendariordea, “kargutik kenduko dute”.

Aipatutako militarrak “eguneko gai zerrenda idazteko eta argitaratzeko ardura du”, Armadak ohar labur batean zehaztu duenez.

Nestor Rego BNGko diputatuak salatu duenez, ostera, A Grañako Armadaren egoitzan “frankismoaren aldeko ekintza” bat izan da.

BNGko diputatuak zentro militarreko agiri baten irudia zabaldu du. 1937an “C-5 eskuadra gorriko” urpeko ontziaren hondoratzearen urteurrena “efemerideen” artean aipatzen du dokumentuak. Era berean, Regok ekimena aurkeztu du Diputatuen Kongresuan, “Defentsa Ministeriori erantzukizunak garbitzea eskatzeko”.

Armadako agiriaren arabera, ontzia urte hartako “urtarrilaren lehen egunetan”, Gerra Zibilean, desagertu zen “Jose Lara teniente heroiak agindutako” erasoan.

Armadan faxismoa” salatu du BNGko diputatuak Twitter sare sozialean. “Frankisten aldeko ekintzak beti errugabe geratzen dira Armadan, eskandalua da”, kritikatu duenez.

Jarrera horiek “salatu dituztenak”, ostera, zigortu dituzte, Regok gogorarazi duenez. Marco Antonio Santos kaboaren eta Luis Gonzalo Segura tenientearen kasuak aipatu ditu diputatuak.

Ferroleko kuartela Itsas Armadaren hezkuntza zentro handienetako bat da. Diputatu abertzaleak zabaldutako agiriak bertako zuzendariordetzaren idazpurua du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainia Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Galizia Memoria Historikoa