Politika -

koronabirusa

Covid-19aren kudeaketan "inprobisatzen" aritzea egotzi dio PPk Osasun Sailari

Laura Garridok kezkagarritzat jo du pandemiaren lehen lerroan zeuden Garitanok eta Berraondok kargua utzi izana, eta oraindik ez jakitea nor ordezkatuko dituen.

Garrido, EFEren artxiboko argazki batean.
Laura Garrido.
Garrido, EFEren artxiboko argazki batean.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19ak eragindako pandemia kudeatzeko orduan Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila "inprobisatzen" ari dela uste du Euskadiko PPk. Are, "kontrolik eza eta kaosa" ere egotzi dizkio.

Laura Garrido Euskadiko PPren idazkari nagusiak prentsaurrekoa eskaini du gaur Gasteizen Jaurlaritzaren kudeaketari buruzko iritzia emateko. Garridok "kezkagarritzat" jo ditu, Gabonen ostean egongo den kasuen gorakadarekin batera, Osasun Saileko "aurpegi" izan direnak karguak utzi izana  eta lehendakaria "isilik" egotea.

Garridoren ustez, Osasun Saila "noraezean" dago Ignacio Garitano Pandemiaren Zaintza eta Kontrol Programako koordinatzailearen dimisioaren eta Iñaki Berraondo sailburuordearen kargu uztearen ostean.

PPko buruzagiak ohartarazi duenez, "ezinbestekoak ziren bi pertsona horiek" alde egin izana kezkagarria da, eta gainera, oraindik ez da jakinarazi nortzuek beteko dituzte eginkizun horiek. Horrez gain, gogorarazi du Osakidetzako hainbat kargudunek ere dimisioa eman dute 2016-2017ko lan eskaintza publikoaren filtrazioen auzia dela eta.

"Lantaldeak gainbehera datoz, batzuk ez dira existitu ere egiten", deitoratu du. Garridoren aburuz, orain lantalde "sendo eta egonkorrak" egon beharko lirateke Osasun Sailean, baina horren ordez, Sagardui sailburua "bakar-bakarrik" dago.

Txertaketa kanpainaren harira ere kritiko azaldu da buruzagi popularra. Salatu duenez, "ez dago horren inguruko informaziorik". Azaldu du abenduaren 22an galdera parlamentarioa egin ziola PPk Sagarduiren Sailari, eta emandako erantzunean, ez zietela zehaztu zenbat txerto jaso behar dituzten, ezta noiz eta nola ere, ez omen zekitelako. Txertaketa kanpainaren estrategia bera ere "eztabaidatzen" ari zirela zehaztu omen zieten.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak Gaixotasunak Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak