Politika -
ALTSASU AUZIA
Hedabideen aurrean agertuko dira lehen aldiz Altsasuko gazteak, gaur
eitb.eus atariak zuzenean eskainiko du prentsaurrekoa, 12:00etatik aurrera. Altsasu auzian zigortutako gazteek gizartearekin hainbat gogoeta partekatu nahi dituzte , eta ziklo bati amaiera eman.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Altsasuko auzian zigortutako gazteak hedabideen aurrean agertuko dira lehen aldiz, gaur eguerdian, Iruñean, "gizartearekin hainbat gogoeta partekatzeko" eta "dinamika ziklo bat ixteko". Altsasukoak Aske eta Altsasu Gurasoak plataformek babestuta egingo dute agerraldia, Katakrak liburu-dendan, 12:00etan. Jarraitu prentsaurrekoa zuzenean, eitb.eus-en.
Lau urte eta hiru hilabete igaro dira Altsasuko hainbat gaztek bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin Koxka tabernan liskarra izan zutenetik. Gertakariokin lotuta, zortzi gazte –Oihan Arnanz, Iñaki Abad, Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Alda, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Aratz Urrizola eta Ainara Urkijo– auzipetu zituzten, eta 2 eta 13 urte bitarteko zigorrak ezarri zizkien Auzitegi Nazionalak, terrorismo delitua baztertu bazuen ere. Urkijo izan zen kartzelara joan ez zen bakarra. Egun, bost auzipetu –Arnanz, Unamuno, Ramirez de Alda eta Urrizola– hirugarren graduan ari dira zigorra betetzen, eta bi –Cob eta Goikoetxea–, bigarrenean.
Aritz Leoz Altsasukoak Aske plataformako eledunaren hitzetan, "argi dago egoera berri batean gaudela, inflexio puntu batean", eta, beraz, "bada garaia, lau urteko ibilbidearen ondoren, ziklo bat borobiltzeko". "Antolaketa mailari dagokionez, intentsitate maila handiko urteak izan dira, eta dinamika hori, nolabait, albo batera uzteko tenorea da, une aproposa iruditzen zaigu horretarako", gehitu du. Bide batez, gazteek "behar duten atsedena" hartzeko ordua dela esan du.
Agerraldia "oso garrantzitsua" izango dela ere nabarmendu du, "lehen aldiz egingo baitute halako agerraldi bat zigortutako gazteek". "Egoeraren balorazioa" egiteaz gain, "zenbait elementu iragarriko dituzte", Altsasukoak Aske plataformako kidearen hitzetan.
Hori bai, Espainiako epaitegietako bidea agortu duten arren, Altsasu auziaren bide judiziala ez dela amaitu esan du Leozek, eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian aurkeztutako helegitean jarrita dutela itxaropena. "Bide luzea geratzen da aurretik, eta harik eta amaieraraino iritsi arte, hor egongo gara", adierazi du. Izan ere, bere esanetan, "Altsasu Aske plataforma herria da, ez da desegingo".
Atxiloketak izan orduko antolatu ziren gazteen gurasoak ere, eta Altsasu Gurasoak plataforma jarri zuten abian. Etenik gabe aritu dira lanean, mobilizazioak deitzen, gertatutakoa salatzen eta babes-sarea zabaltzen. Asteon bertan, sare sozialen bidez zabaldu duten mezuan zenbakitan laburbildu dute prozesua: "1.527 egun zigorpean, 353.000 euroko kostu ekonomikoa, 539.000 egindako kilometroak".