Politika -
BIKTIMAK
Polemika eragin dute Maddalen Iriartek ETAk eragindako minari buruz esandakoek
ETAk eragindako minaren "izaera justu edo injustua"ri buruzko titular batek kritika zaparrada ekarri dio, eta bere hitzak manipulatuak izan direla salatu du EH Bilduko bozeramaileak.
EITB MEDIA
Polemika handia eragin du larunbat honetan Maddalen Iriarte EH Bilduren Legebiltzarreko bozeramaileak El Correo egunkariari emandako elkarrizketa batek. EAJk, PSEk, Podemos Euskadik, EAEko PPk, Ciudadanosek, EAEko Mas Paisek eta Voxek gogor kritikatu dute Iriarteren titularra: "El daño causado por ETA está reconocido; que fuese o no injusto depende de cada relato" zioen gaztelaniazko esaldiak ("ETAk eragindako mina aitortuta dago; justua izan edo ez errelato bakoitzaren araberakoa da").
Iriarteren hitzak "astakeria" direla esan dute gainontzeko alderdietako ordezkariek eta "ETA justifikatzea" leporatu diote:
Sare sozialak kritikaz bete dira, bai politikarienak baita jende arruntarenak ere, eta horien aurrean, bi txio argitaratu ditu Iriartek Twitterreko bere kontu ofizialean. "Bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzaren aldeko nire eta EH Bilduren konpromisoa ezin da zalantzan jarri gure jardueran ondo egiaztatu daitekeen bezala" esan du lehenean, eta bere hitzak manipulatu egin dituztela salatu du bigarrenean: "Nire hitzak testuingurutik ateratzea eta manipulatutzea guztion giza eskubideekiko gure konpromiso irmoa zalantzan jartzeko helburuarekin, elkarbizitzaren eraikuntza konfrontaziorako erabiltzen duten horien guztien estrategiaren parte da".