Politika -
Koronabirusa
Defentsako Estatu Nagusiko buruak dimisioa eman du txertoa jarri ondoren
Francisco Braco eta Fernando Garcia Gonzalez-Valerio jeneralek ere protokoloa errespetatu gabe txertoa jarri zuten.
E. L. | EiTB Media
Miguel Angel Villaroya Defentsako Estatu Nagusiko buruak (JEMAD) dimisioa eman du covid-19aren aurkako txertoa jarri ondoren. Margarita Robles ministroari dimisioa aurkeztu dio, eta hark berehala onartu du, Ministerioko iturriek jakitera eman dutenez.
Roblesek txosten bat eskatu zion ostiralean, atzo bertan aurkezteko, edozein erabaki hartu baino lehen. Francisco Braco Operazioen komandanteak eta Fernando Garcia Gonzalez-Valerio Estatu Nagusi bateratuaren buruzagiak ere protokoloa errespetatu gabe txertoa jarri zuten.
Defentsako Estatu Nagusian (EMAD) Guardia Zibilaren lotura ofiziala kargutik kendu eta ordu batzuk geroago, Villaroyak dimisioa eman du. Guardia Zibileko kideak ere behar ez bezala jarri zuen txertoa.
Dimisioa aurkezteko gutun bat bidali dio JEMADek ministroari, arratsaldean Defentsa Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez.
“Kontzientzia lasai duela"
“JEMADek, eginbeharrak betez, ezarritako protokoloak jarraituz eta Indar Armatuen osotasuna eta eraginkortasuna bermatzeko helburu bakarrarekin, orain dela gutxi egokiak uste zituen erabakiak hartu ditu, eta pribilegioez aprobetxatzea ez da sekula izan bere asmoa”, azaldu dute.
Baina “Armadaren irudi publikoa zikintzen ari dira, Villarroya jeneralaren zintzotasuna zalantzan jarriz; horregatik, irudi hori ez zikintzeko, eta kontzientzia lasai duela” dimisioa aurkeztu dio Roblesi, eta hark berehala onartu du, Ministerioko iturriek jakitera eman dutenez.
Gutunean “zintzo” jokatu zuela defendatu du JEMADek “Espainia zerbitzatzeko eta maiatzeko espirituak gidatuta”. Villarroyaren ahotan, “manukoentzako eredu izaten eta zuzen jokatzen saiatu da beti”.
“JEMAD bezala erantzukizuna duela urtebete hartu zuenetik, Indar Armatuak gainerako herritarrengana hurbiltzea eta hobeto elkar ulertzea izan da lan ildo nagusietako bat”, azpimarratu du.
Prozesuan “bistako arrakastak izan dira”, baina “oraindik asko falta da armaden idiosinkrasia eta lan egiteko modua ulertzeko”, gaineratu duenez.