Politika -

Hauteskunde orokorrak

Indar abertzaleek bozak aurreratzea eskatu diote lehendakariari

Amaiurrek "hauteskunde deialdia" egitea proposatu du eta EAJk, iraganean egin duen moduan, bat egin du eskari horrekin. PSEk eta EAEko PPk baztertu egin dute aukera hori.

Urkullu eta Antigüedad, atzo. Argazkia: EITB
Urkullu eta Antigüedad, atzo.
Hauteskunde autonomikoak aurreratu beharko lirateke?

01:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzoko hauteskunde orokorrek Euskal Autonomia Erkidegoan utzi zituzten emaitzen ondoren (abertzaleek gehiengo zabala lortu zuten), EAJk eta Amaiurrek berehala eskatu diote Patxi Lopez lehendakariari hauteskundeak aurreratzea, egungo Eusko Legebiltzarrak euskal gizartea ordezkatzen ez duela uste dutelako.

"Argi dago Gasteizko Legebiltzarrak ez duela, urrutitik ere, herri honen errealitate soziopolitikoa ordezkatzen", adierazi zuen atzo Iñaki Antigüedad Amaiurren hautagai nagusiak, eta lehenbailehen "hauteskunde deialdia" egitea eskatu zuen, "joera politiko guztiak" Legebiltzarrean egon daitezen.

Hauteskundeak 2013ko udaberrirako daude aurreikusita, baina EAJk ere eskatu du data hori aurreratzea, eta jakina da jeltzaleek denbora daramatela eskakizun horrekin.

Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaileak, bere aldetik, lehendakariak legegintzaldia amaituko duela ziurtatu du. ETBn egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, horixe da Patxi Lopezen asmoa, hauteskundeak "dagokion garaian" deitzea, "2013ko martxoan, lehenago ez".

Ramon Jauregui PSE-EEren diputatuak ere baztertu egin du hauteskundeak aurreratzea, Eusko Jaurlaritza "2013ko maiatza arte" egongo dela "ziur" baitago.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean, Jaureguik aitortu du hauteskundeak "oso txarrak" izan direla sozialistentzat, baina PSEk Jaurlaritzan jarraitzeko "nahikoa indar" duela esan du.

Sozialisten Jaurlaritzako kideen aldetik, Leopoldo Barreda buruzagi popularrak esan du atzoko hauteskundeetako emaitzak ezin direla Eusko Legebiltzarrean proiektatu. Era berean, Legebiltzarrak "zilegitasun osoa" duela uste du Barredak.

Igandean "nazioko Gobernua" aukeratzen zela gogorarazi du PPko buruzagiak Radio Euskadin egindako adierazpenetan. Hala eta guztiz ere, hauteskundeak deitzeko erabakia bakarrik lehendakariaren eskuetan dagoela gaineratu du.

"Atzoko emaitzak Legebiltzarrean proiektatzen baditugu, EAJk atzera egingo luke nabarmen, nola eska dezake hauteskundeen aurrerapen bat", adierazi du Barredak.

Emaitzen proiekzioa Legebiltzarrean

Hauteskundeen emaitzen proiekzioak berdinketa ekarriko luke Euskal Autonomia Erkidegoan Eusko Alderdi Jeltzalearen eta Amaiurren artean, batak zein besteak 20 eserleku lortuko lituzkeelako. D'hont legea aintzat hartuz, Amaiurrek 10 eserleku lortuko lituzke Gipuzkoan, eta bosna Araban zein Bizkaian. Jeltzaleen nagusitasuna Bizkaian gailenduko litzateke, bertan 9 legebiltzarkide lortuko lituzkeelako, 6 Gipuzkoan eta 5 Araban. Alderdi abertzaleek, beraz, gehiengo nagusia izango lukete Gasteizko ganberan.

Hauteskundeetako emaitzak

Amaiur koalizio abertzaleak (ezker abertzalea, EA, Alternatiba eta Aralar) irabazi ditu ETAren amaieraren osteko lehen hauteskunde orokorrak Euskadin, 6 eserleku lortuta.

Botoen % 100 zenbatuta, EAEren 18 eserlekuak honela banatu dira: Amaiurrek 6 (botoen % 24,12), EAJk 5 (% 27,42), PSE-EEk 4 (% 21,54) eta PPk 3 (% 17,80).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea