Politika -

Pastorren adierazpenak

Lopezek ez du PSOE zuzenduko eta ez ditu hauteskundeak aurreratuko

Rubalcaba presidente balitz, "Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiekin hitz egingo luke, Amaiurrekin ere bai", esan du Jose Antonio Pastorrek.

Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakaria. Argazkia: EITB
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakaria. Argazkia: EITB
Hauteskundeak ez dira aurreratuko eta Lopezek ez du PSOE zuzenduko

00:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez duela PSOE zuzenduko, ez dituela hauteskundeak aurreratuko eta berriz sozialisten hautagaia izango dela berretsi du PSE-EEko bozeramaileak, Jose Antonio Pastorrek.

Era honetan, Patxi Lopezen etorkizunaren "zurrumurruekin amaitu" nahi izan du. Gainera, Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko Presidente izan balitz, "ordezkaritza parlamentarioa duten alderdi guztiekin hitz egingo luke, baita Amaiurrekin ere", adierazi du.

Astelehen honetan, PSE-EEk "barne hausnarketa" hasi duela esan du, hauteskunde orokorretan izandako "emaitza txarrak direla eta", eta otsailean PSOEren Kongresu Federala egin bitartean luzatuko dela adierazi du.

Hauteskundeen emaitzak aztertzeko PSE-EEk egin duen hausnarketa bileraren zehaztasunak emateko egin duen prentsaurrekoan esan ditu hitz hauek Pastorrek, izan ere, 2008an baino 5 diputatu gutxiago lortu ditu PSEk.

Sozialisten bozeramaileak uste du PSE-EEren "emaitza txarretan" krisiak eragina izan duela, batetik "zailtasun ekonomikoen aro batean Euskadi gobernatzea egokitu zaigulako", eta bestetik "gizarteak, krisiaren aurka Gobernu aldaketa bat onuragarria izango litzakeela pentsatu duelako".

Gainera, euskal sozialisten barnean, batzuk "indarkeriaren amaieraren prozesua beste era batera kudeatu behar genuela uste dute, era ausartagoan, eta horrela jokatu ez izanak, batzuen ustez, hautestontzietan ondorioak izan ditu".

EAJk eta Amaiurrek hauteskundeak aurreratzeko egin duten eskakizunaren inguruan, "alderdiko interesak" direla uste du eta alderdi horiek "ez dute zehaztuko agenda politikoa euren larrialdiekin", adierazi du.

Gainera, 2008ko hauteskunde orokorretan Euskadin alderdi bozkatuena PSE izan zela gogoratu du, eta orduan, EAJk ez zuela Ibarretxeren gobernua zalantzan jarri gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea