Politika -

Biktimak

ETAk hil zuen Mugica gogoratzeko "memoria leku" berri bat inauguratu dute Donostian

Jose Maria Mugica semeak plaka dagoen tokia "errebeldia lekua" ere badela gehitu du, "ezetz esateko" hil zutenei eta euren "legatudunei", EH Bildu aipatuz.

Jose Maria Mugica, ETAk hil zuen bere aitaren omenezko plakaren aurrean. Argazkia: EFE
Jose Maria Mugica, ETAk hil zuen bere aitaren omenezko plakaren aurrean.
Jose Maria Mugica, ETAk hil zuen bere aitaren omenezko plakaren aurrean. Argazkia: EFE

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fernando Mugicaren omenezko plaka bat inauguratu du Donostiako Udalak, San Martin kaleko 11. eta 13. zenbakien artean, ETAk 1996ko otsailaren 6an militante sozialista eta abokatua hil zuen tokian.

Jose Maria Mugica semeak esan duenez, tokia "errebeldia leku bat da, ezetz esateko hiltzeko ogibide beldurgarria izan zutenei, txaloka adoretzen zituztenei, bultzatzen zituztenei, babesten zituztenei, hiltzeko ogibide hori borondate totalitario baten emaitza zelako, erruki gabekoa, eta gaur bere legatuduna eta bere jarraitzaileak ditu; gaur hori Bildu deitzen da, tamalez".

Txistu eta danbolin soinuaz lagunduta, Mugikaren semeek eta ilobek arrosa horiak utzi dituzte ETAko biktimaren omenezko plakan. Bertan izan dira Eneko Goia Donostiako alkateak eta Udaleko beste taldeetako zinegotziak ere, EH Bildukoak izan ezik, familiak berariaz egon ez zitezela eskatu zuelako.

Ekitaldi laburraren ondoren, Mugicaren semeak iniziatibagatik eskerrak eman dizkio Udalari. "Kaletik zebilen pertsona babesgabe bat hil zutela gogoratzeko memoria toki bat" inauguratzeagatik. Horrek "hil zituzten beste pertsona babesgabeak gogoratzeko" ere balio du Mugicarentzat. Pertsona horiei "hamarkadetan sufritu genuen terrorismoaren tragediak bizitza apurtu zien".

"Memoria ariketa hori", esan du, "etengabeko borroka, betiko borroka" bat da. "Gutako bakoitzaren onenaren aldeko borroka da, pentsatzen duena pentsatzen duela, edozein herritarrek duelako askea izateko eskubidea, nahi duen moduan erabakitzeko, nahi duen moduan pentsatzeko eta kalean hil egingo duten beldurrik gabe ibiltzeko eskubidea".

Goia alkateak esan duenez, "ekitaldi sinple" horren helburua da "gure artetik joan ziren pertsonak, modu bidegabean kendu zizkiguten horiek, gogoratzea eta ez ahaztea".

Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak ideia hori azpimarratu du. "Terrorismoak ez du inoiz justifikaziorik izan eta helburu politikoko indarkeriak ez du eta ez du inoiz izango justifikaziorik", esan du.

EH Bilduren oharra

EH Bilduk argitu du, Gregorio Ordoñezen omenezko plakako ekitaldian gertatu zen bezala, gaur ez joatea erabaki duela "Fernando Mugicaren familiaren sentsibilitatearekiko errespetuagatik".

Modu berean, alkateari sendiaren beto hori "onartzea eta bere egitea" egotzi dio. "EH Bilduk Udalak antolatutako iniziatiba horiek berdintasun eta inklusio oinarrizko printzipioak urratzen zituztela esan zuen, ez zirelako aintzat hartu biktima guztiak eta sentsibilitate politiko guztiak. Gaur hori egiaztatu dugu", esan du koalizioak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia argazkiak Gaurko albisteak Gipuzkoa ETA PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak