Politika -
Omenaldia Logroñon
Maite Pagazaurtunduak dio atzera egin dutela "terrorismoaren deslegitimazioan"
"Hauteskundeetan botoak jasotzeak ez du esan nahi nahi hilketak zuritzeko eskubidea dutenik. Koherentzia behar da esan eta egiten denaren artean", erantsi du.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
2003an hil zuen ETAk Joseba Pagazaurtundua, garai hartan Andoaingo Udaltzaingoaren buru eta alderdi sozialistaren militante zena. 18 urte geroago Logroñon egin dioten omenaldian, haren arreba Maite Pagazaurtunduak esan du atzera egin dutela "terrorismoaren deslegitimazioan".
"Hauteskundeetan botoak jasotzeak ez du esan nahi nahi hilketak zuritzeko eskubidea dutenik. Koherentzia behar da esan eta egiten denaren artean", erantsi du.
Bizitoki duten herrian batu dira Joseba Pagazaurtunduaren senitartekoak, haren hilketaren urteurrenean, covid-19ari aurre egiteko ezarritako neurriak tarteko, ezin izan dutelako urtero bezala Andoainen omendu.
Gaurko honetan, Maite Pagazaurtunduak zera adierazi du: "Joseba isildu zutenak entzun gaitzaten ari gara hizketan. Urtero baloratzen dugu berba egiteak merezi duen ala ez, baina nire nebak aukeratu zuen bezala, askatasunaren alde egin dugu berriro, herritarrak garelako, ez basailuak".
"ETAk indarkeria utzi zuenetik, askok galdetzen digute ea zertarako hitz egiten dugun publikoki, eta terrorismoaren deslegitimazioan atzerapausoak egon direlako egiten dugu", baieztatu du.
Deslegitimazio horrekin lotu du, besteak beste, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailearen jokabidea: "Hilketa horiengatik zigorra betetzen ari direnei gutunak bidaltzen dizkie, EH Bildura afiliatzeko eskatuz". Pagazaurtuonduaren iritziz, "legitimazioari bide ematen dio" horrek, "zigorrak betetzen ari diren horien indarra eta esperientzia aldarrikatzen baitu gutun horietan".
Halaber, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak ETAk eragindako minari buruz egindako adierazpenak kritikatu ditu. Iriartek adierazi zuen ETAk egindako mina "aitortua" dagoela, eta justua den edo ez kontakizun bakoitzaren araberakoa dela. Halere, argitu du Iriartek berak ere onartu zuela bere hitzak gaizki ulertu zirela.