Politika -
Polemika
Garrido epailearen jarrerak haserrea eragin du Botere Judizialaren Kontseiluan
Hainbat bokalek gogoratu dute epaile batek neutraltasunez jokatu behar duela agerraldi publikoetan eta Luis Angel Garrido magistratuaren adierazpenak ikertu beharko liratekeela uste dute.
EITB MEDIA | EFE
Luis Angel Garrido EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salako presidentearen adierazpenen polemika Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiraino iritsi da, eta hainbat bokalek uste dute diziplinako espedientea irekiko beharko litzaiokeela.
Joan den astelehenean, Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, Garridok esan zuen epidemiologoak "ikastarotxo bat egin duten medikuak" direla eta covid-19ari aurre egiteko neurriak "Erdia Aroan hartzen ziren antzekoak" direla.
Biharamunean, EAEko Auzitegi Nagusiak koronbirusagatik eremu gorrian dauden udalerrietako tabernak irekitzeko baimena eman zuen, ostalarien elkarteek egindako eskaera onartuta.
Ebazpen judizial horrek ika-mika piztu zuen, baina haserrea areagotu egin zen Garridok bezperan egindako adierazpenak lau haizetera zabaldu zirenean.
Eusko Jaurlaritza erabaki judizial horren aurka helegitea aurkeztea aztertzen ari da, baina Garrido epailea errefusatzeko aukera baztertu du momentuz.
Garridok esandakoen oihartzuna Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiraino iritsi dira eta hainbat bokalek esan dute "erabat desegokiak" izan direla.
EFE agentziari kontatu diotenez, bokal askok gogoratu dute epaile batek "inpartziala" behar duela izan eta konfinamenduaren aurkako jarrera duela publikoki erakutsi izana "arduragabekeria" izan dela.
Ikerketa bat abiatzeko aukera
Gauzak horrela, epaile batzuek uste dute espediente informatiboa ireki behar zaiola, gertakari horren inguruko azalpenak eman ditzan. Beste batzuk haratago doaz, eta diziplinazko espediente zabalduko beharko zela iritzi diote.
Edonola ere, Kontseiluak ez du ofizioz jarduten eta, printzipioz, kexa formalik aurkeztu arte, ez luke ikerketa bat abiatzeko aukera aztertuko.
Horrez gain, bokalek gogoratu dute Garridok Etika Judizialaren Batzordearen gomendioak urratu dituela. Elkarrizketetan, hitzaldietan, agerraldi publikoetan edo sare sozialetan epaileek "neutraltasun politikoa" mantendu behar dutela aholkatzen du.
Alabaina, Batzorde horretatik azpimarratu dute gomendioak baino ez direla eta borondatezkoa dela horiek betetzea dela edo ez.