Politika -
KORONABIRUSA
EAEko Auzitegiaren ebazpena Jaurlaritzaren errua da oposizioaren iritziz
"Datuak eraman ez izana" leporatu diote Jaurlaritzari. EAJk eta PSEk diote Auzitegiaren argumentazioak "orokorrak" direla eta tamalgarritzat jo dute "epaileek epidemiologo izatera jolastea".
EITB MEDIA | AGENTZIAK
EH Bilduren, Elkarrekin Podemos-IUren eta PP+Csen iritziz, EAEko Auzitegi Nagusiak ostalaritza irekitzeko hartutako erabakia Eusko Jaurlaritzak ostalaritzaren sektorearekin izandako jarreraren ondorio da, eurekin elkarrizketarik eduki ez izana leporatu diote, "gauzak ondo egin ez izana", alegia, eta hartzen dituen neurrien eraginkortasuna defendatzeko "datu nahikorik" ez aurkeztu izana ere egotzi diote.
Aitzitik, Gobernuan dauden alderdiek, EAJk eta PSEk, uste dute "epaileek epidemiologo izatera jolastu" dutela.
Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas eztabaidan, gai hori eta ostiral honetan LABIk hartutako neurri berriak izan dituzte hizpide gaur goizean euskal legebiltzarkideek.
Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, LABIk atzo hartutako erabakiek ez dute berrikuntza handirik ekarri eta kezkatuta agertu du, egoera "larria" delako.
Ildo horretan, eraginkorrak izateko, hartzen diren osasun neurriak eta horiek eragiten dieten sektoreei eman beharreko laguntzak elkarren eskutik joan behar direla esan du. Bere iritziz, Eusko Jaurlaritzak ostalaritzarekin hitz egin izan balu eta "sektore horretako langileak babesteko mekanismo egonkor bat ezarri izan balu, ziur aski ez zuten auzitegietara joko eta beste egoera batean egongo ginateke".
Zentzu horretan, pandemiaren gestioan egon diren "zentzugabekeriak" salatu ditu eta "beti gauza bera eginda emaitza berriak izatea zaila" dela ohartarazi du, "kutsatze tasa oso altu eta larriak normalizatzen ari baitira".
Hartzen diren neurriak komunitate zientifikoaren aholkuekin "koherenteak" izan behar dutela ere gaineratu du, eta honek ez duela soilik mugikortasuna mugatzea aholkatzen, baita ikerketa, ospitaleetako arreta eta rastreoak indartzea ere.
EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenaren harira eta Luis Garrido epailearen adierazpenen inguruan, "oso desegokiak" izan direla esan du, "herritarrek zientzian konfidantza izan behar dute eta adierazpen horiek ez dute batere laguntzen. Hala ere, errua besteei bota beharrean, Eusko Jaurlaritzak autokritika egin beharko du, eta hausnartu, ea zergatik ez dituen hartzen dituen neurrien eraginkortasuna babesten duten datuak".
Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidearen iritziz, herritarrek "ziurtasunik ezaren" mezua jasotzen dute, eta atzo aurkeztutako Bizi Berri III Planean "laguntza ekonomiko eta sozial gehiagoren falta" sumatu du. "Egoera ekonomikoa oso larria da ostalaritzaren eta beste jarduera sozioekonomiko batzuen itxieragatik, eta Eusko Jaurlaritzak indar handiagoa eman behar die laguntza neurriei", azaldu du.
Bestalde, kezkatuta agertu da erabakiak LABIk hartzen dituelako, baina "Euskadiko ordezkaritza politikoaren % 50ak ez du zerikusirik erabaki horiekin, Gobernuak ez baitu gobernantza eredurik, ezta oposizioarekin hitz egiten ere".
"Guztiok egin beharko genuke ahalegina, baina bereziki Eusko Jaurlaritzak, neurriek ahalik eta adostasun handiena izan dezaten; izan ere, prentsaurrekoak baino lehen jakiten ditugu neurriak. Mekanismo horiek hobetu behar dira, hartzen diren neurriak eztabaida alderdikoitik ateratzen saiatzeko, baina ez dugu Gobernuaren aldetik jarrera hori ikusten" kritikatu du.
Azkenik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia "kolpe juridiko handia" dela azpimarratu du, eta Luis Garrido magistratu txostengileak epidemiologoen inguruan irratian egindako adierazpenek ere ez dutela laguntzen gaineratu du.
Bestalde, Carmelo Barrio PP+CS alderdiko bozeramaileak osasun arauak betetzeko deia egin die herritarrei, nahiz eta LABIren ostiraleko erabakietan "berritasun handirik ez" dagoela uste duen.
Era berean, lehendakariak erkidego mugakideetako presidenteekin ez hitz egitea deitoragarria dela gaineratu du, EAE Nafarroa, Errioxa, Kantabria eta Gaztela eta Leonekin mugakide diren udalerriz inguratuta dagoen arren.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren autoaren harira, Eusko Jaurlaritzarentzat "jipoi juridikoa" izan dela esan du, "gauzak ondo ez egiteagatik". "Auzitegiak arrazoia eman dio argudioak mahai gainean jarri dituenari, Eusko Jaurlaritzak, antza denez, hori egin ez duelako eta ostalariei eman die arrazoia. Gobernuak merezitako errieta jaso du, zorroztasunez jokatu beharra dauka. Hiru epailek tokea eman diote eta gauzak gaizki egiten dituela ikusarazi diote" gaineratu du.
Erabat ezberdin ikusten dituzte gauzak Gobernuan dauden alderdietako ordezkariek. Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak esan du LABIk hartzen dituen murrizketak "unean uneko egoerara egokitzen" direla, eta koma ekonomikoa, osasun kolapsoa, konfinamendua edo ikastetxeen itxiera saihesteko hartzen direla. "Hartutako neurri berriak mugikortasunaren irekiera txiki bat dira, airea ematen digute, baina segurtasun eta erantzukizun indibidual eta kolektibo neurri guztiekin jarraitu behar dugu. Mugitu ahal izateak ez du esan nahi tropelean egin behar dugunik" erantsi du.
Bestalde, bere iritziz, LABIk ez dauzka erabakiak adostu beharrik. "Erabaki zuzenak eta beharrezkoak hartu behar ditu, oinarri zientifikoz. Birologo, mediku eta matematikarien lanari balioa ematen diot" esan du. "Ezin da horen arin esan ez dakigula zertan oinarritzen diren bere erabakiak. EAJk gobernatzen duen erakundeetako ordezkariak LABIren parte dira, osasun arloko profesionalek osatua dago. Beraiek erabakitzen dituzte hartu beharreko neurriak, eta gero egoera ekonomikoaren eta babestu beharreko bizitzen arteko oreka bilatzen da ", gaineratu du.
Bestalde, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren argudioak "orokorrak" direla azpimarratu du, izan ere, estatistikoki "frogatuta" dagoelako ostalaritzako establezimenduak ixteak birusaren presentzia murrizten duela, eta, beraz, "epaileek epidemiologo izateara jolastu" dutela salatu du.
Azkenik, Gloria Sanchez PSEko legebiltzarkideak ostiral honetan hartutako neurri berriak osasuna bermatzeko egokiak izatea espero duela berretsi du, eta "egoera zail hau konpontzeko formula magikorik ez" dagoela gogorarazi du.
Halaber, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak osasun neurriekin batera, neurri ekonomikoak ere hartu dituztela defendatu du.
EAEANen epaiaren harira Luis Garrido epailearen iritziak kaleratu eta gero, epidemiologoak auzitan jarri izana deitoratu du, eta epaiak "birusaren aurkako borrokan ez duela laguntzen" kritikatu du, "munduan beste inon gertatu ez den" kautelazko erabaki batekin.