Politika -

Epaia

Cristina Cifuentes absolbitu dute 'Master auzian'

Maria Teresa Feito Hezkuntza aholkulari ohiari hiru urteko kartzela zigorra ezarri diote, eta Cecilia Rosado irakasle eta master zuzendariari, urtebete eta erdikoa.

Cifuentes, gaur epaitegitik ateratzean. Argazkia: EFE
Cristina Cifuentes.
Cifuentes, gaur epaitegitik ateratzean. Argazkia: EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Lurralde Auzitegiak Cristina Cifuentes erkidegoko presidente ohi eta PPko buruzagi izandakoa absolbitu du dokumentuak faltsutzearen delituagatik "Master auzia"n. Fiskaltzak hiru urteko kartzela zigorra eskatu zuen berarentzat URJC unibertsitateko Zuzenbide Publikoko Institutuaren masterra bukatzeko lanaren akta faltsutzea egotzita.

Auzitegiak, baina, absolbitu egin du Cifuentes. Epaiak hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio Maria Teresa Feito Hezkuntza aholkulari ohiari, eta Cecilia Rosado irakasle eta master zuzendariari, urtebete eta erdikoa.  

PPko buruzagi ohia semeak lagunduta joan da epaitegira, epaiaren berri izatera. Irtetean ez du adierazpenik egin nahi izan.

Fiskaltzak hiru urte eta hiru hilabeteko zigorra eskatzen zuen

Pilar Santos fiskalak hiru urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen Madrilgo gobernuburu ohiarentzat dokumentuen faltsutze delitua eragin zuela iritzita. Fiskalaren ustez, Cifuentes zen faltsutzearen "onuradun bakarra, lehena eta azkena".

Maria Teresa Feitorentzat ere zigor eskaera bera egin zuen fiskalak, eta 21 hilabetekoa Rosadorentzat. Azken kasu honetan, bi aringarri izan zituen kontuan: bata, egindakoa aitortzea, eta bestea, Enrique Alvarez Conde Zuzenbide Publikoko Institutuaren zuzendariak (2019an hildakoa) egindako presioei zien beldur gaindiezinagatik.

Cifuentesek epaiketan adierazi zuenez, masterra eskoletara joan eta azterketa egin gabe atera zuen. Master amaierako lana 2012ko uztailaren 2an entregatu zuela esan zuen, baina epaimahai baten aurrean defendatu gabe.

"Fede onez aritu nintzen", azpimarratu zuen. Unibertsitatea egin zuen lanaren defentsaren aktak faltsututako sinadurak izatearen arduradun. 

Cifuentesek 2018ko apirilaren 25ean dimititu zuen, ustez krema pote pare bat lapurtzen ikusten zen bideo bat kaleratu ostean.

Rosadok akta faltsutu izana onartu zuen

Cecilia Rosado irakasleak, bestalde, lanaren defentsaren akta faltsutu zuela aitortu zuen epaiketan, baina Alvarez Condek eta Feitok egindako "presioen" ondorioz egin zuela nabarmendu zuen. Alvarez Conde katedraduna bere "nagusia" zen eta "ezin zitzaion ezetz esan ondorio negatibo bat izan gabe".

Jose Antonio Choclan Rosadoren abokatuak absoluzioa eskatu zuen harentzat, baina, esan bezala, Auzitegiak zigortu egin du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Delituak Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Madril