Politika -

Hauteskunde orokorrak

IU, EAJ, ERC, BNG eta CC, Amaiurren eta UPyDren talde propioen alde

Azken hitza PPk du, Kongresuko mahaian gehiengo absolutua duen alderdia baita.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezker Batua, EAJ, Kataluniako ezker errepublikanoa, Bloke Nazionalista Galiziarra eta Koalizio Kanarriarra, Amaiurrek eta UPyDk Kongresuan talde propioa izatearen alde daude, nahiz eta horretarako baldintza guztiak zorrotz betetzen ez dituzten. Hala ere, azken hitza PPk izango du, Kongresuko Mahaiko gehingo absolutua baitu.

Alderdi horien ordezkariek esan dutenez, Kongresuko baldintzen interpretazio malgua egin daiteke, jada iraganean hainbatetan egin den bezala, eta horrela, Rosa Diezen alderdiak eta koalizio abertzaleak talde propioa izango lukete.

Kongresuko araudiak hainbat bide aurreikusten ditu talde propioa eratzeko. Batetik, 15 eserleku baino gehiago lortzea. Bestetik, gutxienez 5 eserleku lortu eta herrialde osoan gutxienez bozen %5 eskuratzea. Eta azkenik, 5 eserleku eta hautagaitza aurkezten den zirkunskripzio bakoitzean bozen %15 lortzea.

Amaiurrek eta UPyDk beharrezkoak diren gutxiengo eserlekuak lortu dituzte (7 eta 5 aulki, hurrenez hurren), baina ez dute botoen gutxieneko portzentajea lortu. Koalizio abertzaleak bozen % 15 lortu ditu EAEn, baina % 14,86, Nafarroan. Rosa Diezen alderdiak, berriz, bozen % 4,69 eskuratu ditu Estatuan.

IU talde propiorik gabe gelditu zen 1986an

Izquierda Unidako iturriek esan dutenez, araudiaren interpretazio malguaren aldekoak dira, izan ere, 2008an eurei ere mesede egin zien. Baina inor aipatu gabe, IUtik esan dute, orduan batzuk erabaki hori "lardaskeria" izan zela esan zutela, Rosa Diezi erreferentzia eginez. Hala ere, 1986an, 7 diputatu lortu eta bozen % 4,63rekin talde propiorik gabe gelditu zirela gogoratu dute.

EAJk ez du inoiz malgutasun horren aurka egin, hala ere, horrela eginez gero, denei egiteko eskatu dute, kasu honetan, Amaiurren alde eta UPyDren alde. Esquerra Republicanak ere horixe defendatzen du.

BNG eta CC talde mistoan egongo dira, bakoitzak bi eserleku eskuratu baititu, eta hori dela eta, ez dute ezkutatzen Rosa Diezen alderdiak eta koalizio abertzaleak talde propioa izatea nahiago dutela, talde mistoa arintzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea