Politika -
ALDERDI POPULARRA
Genovako egoitza utzi eta udazkenean Batzar Nagusia egingo duela iragarri du PPk
Era berean, Pablo Casado PPko presidenteak zentro politikoaren aldeko apustua berretsi du, Kataluniako hauteskundeetan izandako emaitza kaskarren ostean.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Pablo Casado PPko presidenteak astearte honetan iragarri duenez, alderdiak Genova kaleko egoitza utziko du, eta udazkenean Konbentzio Nazional bat deituko du. Halaber, Kataluniako hauteskundeetan izandako emaitza txarren ostean, zentro politikoaren aldeko apustua berretsi du.
Bere alderdiaren Batzorde Exekutiboaren aurrean, Casadok Kobentzio Nazionala deituko duela iragarri du; izan ere, azkena 2018an Sevillan egin zuten, Mariano Rajoy Moncloatik atera zuen zentsura-mozioa baino lehen.
Madrilgo Genova kaleko egoitza utzi egingo dutela ere eman du aditzera, "eraberritzen ari diren eraikin batean" ez dutelako jarraitu nahi.
Casadok azaldu duenez, bere alderdiak "inkisizio-jarrerarik gabeko birsorkuntza justuaren alde" egin behar du, eta alderdiak iraganeko ekintza pertsonalei buruzko azalpen gehiago ez dituztela emango esan du.
Gainera, Kataluniako hauteskunde kanpainan PPren kontrako erasoak salatu ostean, "zentro politikoaren" alde agertu da.
PPko buruzagi eta 'baroien' aurrean, Casadok esan du "ibilbide-orri" gisa berresten duela Voxek Pedro Sanchezen aurka zentsura-mozioan esandakoa, Santiago Abascalekin hautsi zuenekoa. Horrez gain, PPren proiektua "zentro eskuindar moderatu eta transbertsala" dela du.
PPk Katalunian lortutako emaitza kaskarrak ere aztertu ditu alderdiaren Batzorde Exekutiboan; izan ere, PPCk eta bere hautagai Alejandro Fernandezek hiru diputatu solik lortu eta ez dituzte Ciudadanosek galdutako botoak eskuratu. Gainera, Voxek aurre hartu die.