Politika -
Ekitaldi neonazia Madrilen
Fiskaltzak Dibisio Urdinari Madrilen egindako omenaldia ikertuko du
Falangistek eta neonaziek joan den larunbatean antolatutako omenaldian komunitate juduaren aurkako irainak izan ziren. 2007tik, ekitaldi hori urtero egiten da Madrilen.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Fiskaltzak ikerketa bat abiatu du, joan den larunbatean Dibisio Urdinari Madrilen egindako omenaldian juduen aurkako irainik izan zen eta, ondorioz, gorroto deliturik egin zen argitzeko.
Falangistek eta neonaziek antolatutako ekitaldiaren irudiak sare sozialetan zabaldu dira eta haserrea eta hainbat kritika eragin ditu.
Madrilgo erkidegoko Gobernuak eta Judu Herriaren Espainiako Federazioak eskatu zioten Fiskaltzari omenaldi hartan komunitate juduaren aurka egin ziren adierazpenak eta irainak ikertzeko.
Dibisio Urdina espainiar boluntarioz osatutako talde militarra izan zen eta Bigarren Mundu Gerran Sobiet Batasunaren aurka borrokatu ziren, Hitlerren agindupean. 78 urte bete dira harrezkero eta guduan hil ziren Dibisio Urdineko kideei omenaldia egin zieten larunbatean La Almudenako hilerrian.
Aurrez, manifestazioa eta elkarretaratzea egin zituzten. Ez zen istilurik izan, baina omenaldian agur naziak eta lelo faxistak egin zituzten.
Halaber, ekitaldian hainbat lagunek hartu zuten hitza, tartean neska gazte batek, eta, besteak beste, ondokoa esan zuen: "Gure betebeharra da Espainiaren eta Europaren alde borroka egitea. Espainia eta Europa orain ahul eta likidatuta daude, eta, maskara ezberdina janzten badu ere, etsaia beti da bera: juduak".
"Juduak dira errudunak. Komunismoa juduen asmakizuna da, eta Dibisio Urdinak Europa komunismotik askatzeko egin zuen borroka", erantsi zuen.
2007tik, urtero biltzen dira neonaziak Dibisio Urdina omentzeko. Hainbat elkartek eta eragilek ekitaldiak galarazteko eskatu zuten, baina Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak baimena eman zien, 200 pertsona baino gehiago bilduko ez zirela argudiatuta.