Politika -
Adierazpenak espetxetik
Otegik uste du PPren gehiengo osoa 'onuragarria' izan litekeela
Ezker abertzaleko buruzagiak aurreratu du ETAk aitortu egingo duela eragindako mina, eta berdin egiteko dei egin dio Espainiako Gobernuari.
Erredakzioa
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak adierazi du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko hurrengo presidenteak "eskura" izango duela "euskal gatazkari behin betiko konponbidea" ematea, eta "borondate politikoa" badu, haren gehiengo osoa "onuragarria" izan litekeela iritzi dio.
Buruzagi abertzaleari elkarrizketa egin dio Vocento taldeak, Logroñoko espetxera galderak idatziz igorrita. Otegi Auzitegi Nazionalak Bateragune auzian ezarritako 10 urteko espetxe zigorra betetzen ari da bertan.
Elkarrizketan, Otegik aurreratu du ETAk aitortu egingo duela eragindako mina, IRAk egin zuen bezala, eta Espainiako Gobernuari Erresuma Batukoaren adibideari jarraitu eta berdin egiteko eskatu dio.
Ezker abertzaleari dagokionez, Batasuneko bozeramaile ohiak ez du aurreratu nahi izan noiz eta nola aintzatetsiko dituen ETAko biktimak, baina "gure herriak eskatzen duen mailan" egongo direla nabarmendu du.
Otegik duela bi urteko bidean sakontzen jarraitu du elkarrizketa honetan. Zentzu horretan, ETAk indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuenean, indarkeriak bizimodu normala izatea galarazten zien "hautetsiak eta enpresaburuak" gogoan izan zituela azaldu du.
Armak entregatzea
Ezker abertzaleko buruzagiak errefusatu egin du ETAn edo ezker abertzalean bereizketa arriskua dagoela. "Hori esaten dutenak nahita gezurra esaten ari dira", ohartarazi du.
Horren ildotik, indarkeria amaitu denez, ETAk armak entregatzea "agendan" egon behar dela esan du.
Lehendakariaren zeregina eta hauteskundeak
Bestalde, Otegik ukatu egin du Patxi Lopez lehendakariak bakea errotzekoz paper protagonista izan behar duela, eta kritikatu egin du Donostian Nazioarteko Bake Konferentzia egiten ari ziren bitartean eta ETAk indarkeriaren amaiera iragarri zuenean "nahita atzerrian" egotea.
Halaber, Otegik ere uste du hauteskundeak aurreratu egin beharko liratekeela Euskadin: "Jaurlaritza eta Legebiltzarra ez dira EAEko herritarren ordezkari".