Politika -
Bilera-sorta
Rajoyk Errege eguna arteko epea jarri du lan erreforma adosteko
Espainiako hurrengo presidentearen esanetan, gizarte eragileek denbora luzea daramate lan-erreforma eztabaidatzen eta premiazko akordioak eskatu die.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako hurrengo presidenteak "akordioa lortzeko ahalegina" eskatu die sindikatuetako eta patronaleko buruei; izan ere, "Espainiak bizi duen egoera larria da" (batez ere, langabezia-tasaren egoera). Hori horrela, Errege-eguna bitarteko epea jarri die lan-erreforma adosteko.
Rajoy Madrilgo PPren egoitzan bildu da gaur Candido Mendez eta Iganacio Fernandez Toxo UGT eta CCOO sindikatuetako idazkari nagusiekin, hurrenez hurren, eta Joan Rosell (CEOE) eta Jesus Terciado (Cepyme) Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko presidenteekin.
Alderdi popularrak prentsa agiri batean jakinarazi duenez, Rajoyk "elkarrizketaren defendatzaile irmoa" dela eta enpresaburuek eta sindikatuek negoziatzeko duten autonomia defendatzen duela esan die gizarte eragileei.
Rajoyren hitzetan, akordio zehatzak premiaz hartu behar dira: negoziazio kolektiboa, gatazken ebazpena epaileetara jo gabe, kontratuak, mutuak eta lan-absentismoa. Errege-eguna bitartean akordioa lortzeko eskatu die PPko buruak.
Patronala
Joan Rosell CEOE Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko presidentearen hitzetan, Mariano Rajoy Espainiako hurrengo presidenteak esan dio gizarte eragileak ezin direla lan-erreforma eperik gabe eztabaidatzen egon.
Patronaleko presidentearen hitzetan, gizarte eragileek lan-erreforma eta negoziazio kolektiboa negoziatzen denbora luzea daramatela esan dio Rajoyk, eta horrekin ados dagoela erantzun dio berak.
Hori dela eta, "ahalik eta arinen eta gaurtik hasi eta Errege-eguna bitartean" gizarte eragileak negoziatzen esertzea nahi du Gobernuko hurrengo presidenteak, kontratuen, barne malgutasunaren, mutuen eta absentismoaren inguruko "akordio zehatzak" lortzeko.
CEOE patronaleko buruaren esanetan, baikorra da eta horregatik joan da Rajoyrekin biltzera. Bien arteko bilerak ordubete iraun du; Toxorekin, berriz, ia bi ordu eman ditu Rajoyk bilduta.
Rajoyk nahi duen lan-erreformaren harira, egun indarrean dagoen araudi "oso zaharra" eta ulertzeko "zaila" modernizatu egin nahi dutela esan du patronaleko buruak.
Sindikatuak
Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari nagusiak azaldu du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko hurrengo presidenteak Errege eguna arteko epea jarri diela sindikatuei eta patronalari lan merkatuaren erreforma adosteko.
Toxoren hitzetan, Rajoyk zehaztu egin dio zer arlotan jaso nahi dituen eragile sozialen ekarpenak: negoziazio kolektiboa, kontratazioa, lan absentismoa, gatazken konpontze ez judiziala, aldi baterako enpresak eta prestakuntza.
Bilerak ordu eta erdi inguru iraundu du eta emankorra izan dela iritzi dio Toxok. Horrenbestez, etorkizunerako baikor dela gaineratu du.
Lan erreformari dagokionez, Rajoyk ez du zehaztu noiz onartuko lukeen eragileen arteko akordioa ez balego.
CCOOko idazkariak nabarmendu duenez, gai batean Rajoyrekin ados agertu da, hots, lan kontratu mota bat baino gehiago existitu behar dela.
Rajoyk ez dio galderarik egin kontratu bakarrari edo kaleratzea merkatzeari buruz.
Azkenik, Toxok ohartarazi du aspalditik daramatzatela enpresaburuekin negoziatzen eta, beraz, ez duela bermatzen akordioa lortu ahal izatea.
Bestalde, Candido Mendez UGTko idazkari nagusiaren hitzetan, UGT ez dago arduratua Gobernuko hurrengo presidenteak emandako negoziatzeko epearekin. Ildo horretan, akordioa lortzen ez badute legea egiterakoan Gobernuak lan-erreforma "egokia" egin dezala espero duela esan du.
Rajoyrekin bildu ostean Candido Mendezek prentsaurrekoan esan du: "Nire hipoteka ordaintzeko epeaz gain, ez dut beste eperik". Horrela laburbildu du Mendezek bileraren nondik norakoak.
UGTko burua Rajoyk gaur egin dituen bileren azken gonbidatua izan da.
Bilera, Genovan
Mariano Rajoy PPren esku dauden eskualdeetako eta erkidegoetako presidenteekin bilduko da ostegun honetan murrizketen eta defizita publikoaren kontrolaren harira bere konpromisoa indartzeko, horiek izango baitira Mariano Rajoyren premisetariko bi Moncloara heltzen denean.
PPko buruak Genovan bilduko dira eguerdian. Aurrekontuak aurkeztu dituzten erkidegoek (Madril, Valentzia, Balearrak eta Galizia) beren neurriak azaldu ahal izango dituzte; dena den, PPko zuzendaritzak Europa Press albiste agentziari jakinarazi dionez, ez dizkiete jarraibide zehatzik emango gainerakoei, "bide onean" daudela uste baitute.
Halaber, bileran erkidegoen defizita publikoaren inguruko datuak aztertuko dituzte.
Rajoykk hauteskundeak irabazi bezain laster "erkidego guztiak" deituko zituela iragarri zuen, "krisiari aurre egiteko hartu behar diren suspertze neurriak guztion artean hartzeko".