Politika -

Gernikako Estatutua

Transferentziak azkartuko dituzte aste honetan Espainiako Gobernuak eta Jaurlaritzak

Erkoreka Calvorekin bilduko da, eta Garamendi Icetarekin, EAEra transferitu gabeko eskumenei buruz hitz egiteko. Espetxeen kudeaketa martxoan eskualdatzea aurreikusita dago.

Erkoreka eta Grande-Marlaskaren arteko bilera, aste honetan. Argazkia: EFE
Erkoreka eta Grande-Marlaskaren arteko bilera, aste honetan.
Erkoreka eta Grande-Marlaskaren arteko bilera, aste honetan. Argazkia: EFE

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegora transferitzeko dauden eskumenen inguruko negoziaketa azkartuko dute aste honetan, ministroen eta sailburuen arteko bileretan, Madrilen.

Josu Erkoreka Segurtasun sailburua eta lehen lehendakariordea Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde Carmen Calvorekin bilduko da. Erkorekak onartu du "inoiz" ez dela eman "hain jarrera aldekorik" Espainiako Exekutiboaren aldetik Gernikako Estatutuan jasotako transferentziak eskualdatzeko.

Asteazkenean gai bera izango dute mahai gainean Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eta Miquel Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroak.

Transferentzien inguruan hitz egiteaz gain, Administrazio publikoko bitartekotasunari eta langile publikoak sendotzeari buruz arituko dira, Eusko Jaurlaritzak esan duenez.

Aste honetan, Erkoreka eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak bilera egin zuten Gasteizen, beraien eskumenen inguruko gaiei buruz mintzatzeko; tartean, espetxeen kudeaketaren transferentzia.

Bi gobernuek iaz adostu zuten, transferentziak eskualdatzeko kronogramaren arabera, Zaballa, Basauri eta Martuteneko kartzelen kudeaketa EAEra martxoan transferituko dela. Hala ere, Barne Ministerioak eta Segurtasun Sailak ez dute xehetasunik eman.

Urtarrilean, Pedro Sanchez  Espainiako Gobernuko presidentea eta Urkullu lehendakaria Madrilen bildu ziren, eta eskualdatzeko dauden 30 transferentziak "presaz" konpontzeko konpromisoa hartu zuten.

Hiru blokeko egutegia

Lehen blokea, espetxeen kudeaketa barne hartzen duena, martxorako dago aurreikusita. Edozein kasutan, espetxe politikak Espainiako Gobernuaren esku jarraituko du.

Bloke horretan daude, halaber, aseguruak, segurtasun zerbitzu pribatuak, meteorologia, errepide bidezko garraioa, zinea babesteko funtsa, arrantza produktuen merkataritza, turismo paradoreak, ISBN eta ISSN erregistroak, eta kostaldearen ordena eta kudeaketa.

Bigarren blokea datorren urteko urrirako dago aurreikusita. Aireportuen eta interes orokorreko portuen (Bilbo eta Pasaia) kudeaketa barne hartzen du.

Gainera, hurrengoak ere badaude: kreditu ofiziala, kreditu eta banka, baloreen merkatua, ikerketa zentroak, hidrokarburoak, itsas salbamendua, estatu sektore publikoa, erakunde administrazioa eta berrikuntza teknologikoa, Aldiriko eta FEVE zaharreko trenbideak, immigrazioa, eta ikasketa unibertsitarioetako tituluak eta atzerri ikasketak. Horrez gain, zirkulazio eta ibilgailuen matrikulazio baimenak, udal hauteskundeen erregimena, arrantza ikuskaritza, ikasketa zentroak eta lan publikoen esperimentazioa ere barne hartzen ditu.

Hirugarren blokea "Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoarekin lotuta dauden gaiak aztertzen hasteari" buruzkoa izango da. Hori 2021eko azaroan hasi eta 2022ko maiatzean bukatuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak