Politika -

Eskuduntzen transferentziak

Espetxeen eskumenaren eskualdatzea "nahiko aurreratuta" dutela esan du Garamendik

Hala, "lehenbailehen ixtea" espero du. Dena dela, zehaztu du "kartzeletako arautegiak Espainiako Gobernuaren esku" jarraituko duela.

Langraizeko kartzela, airetik ikusita. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Langraizeko kartzela, airetik ikusita.
Langraizeko kartzela, airetik ikusita. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak iragarri duenez, espetxeen ardura Euskadiren esku uztearen prozesua "nahiko aurreratuta" dago, eta hala, Jaurlaritzak espero du "lehenbailehen ixtea". Garamendik argitu du harreman "ona" duela Miquel Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroarekin, "Estatutua betetzeko aukera izango dugulakoan nago", erantsi du.

Onda Vascan eskainitako elkarrizketa batean Garamendik gogorarazi duenez, Jaurlaritzak otsailean adostu zuen Espainiako Gobernuarekin eskumenak eskualdatzeko egutegia, covid-19agatik gauzatu ez zena. Urrian, beste kronograma bat hitzartu zuten bi aldeek. Itun horretan 12 eskumen lehenetsi zituzten, eta horiek dira lantzen ari direnak.

Eskumen horien artean batzuk oso ezagunak direla aipatu du sailburuak, tartean Espetxeena edo bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarena, baina errepideetako garraioa edo kostaldearen transferentziak ere mahai gainean daudela gaineratu du. 

Kartzelen eskualdatzea ahotan hartuta, Garamendik aitortu du eskumen horrek "zailtasun handiak" dituela. "Espetxeen inguruan ari garenean, horrek atzean duen kutsu politiko-sinbolikoa gorabehera, kontuan hartu behar da jende, azpiegitura eta ekipamendu asko daudela tartean. Segurtasun juridikoarekin eta kontu handiz jardun behar da", azaldu du.

Nolanahi ere, nabarmendu du "nahiko aurreratuta" dutela, eta "letra txikiarekin" ari direla jada. "Espero dut aurrera egin eta lehenbailehen ixtea".

"Espetxeen araudiak Espainiako Gobernuaren esku egoten jarraituko du"

Eskuineko alderdiek eskumen horren harira egiten dituzten kritikei (transferentziarekin "preso guztiak askatuko dituztela" diotenak) erantzunda, Garamendik argitu du halako adierazpenak ez direla batere "mesedegarriak" eta ez direla "egia".

Izan ere, zehaztu duenez, espetxeen arautegia "Espainiako Gobernuari dagokio, eta horren esku egoten jarraituko du. Beste gauza bat da, eskualdatzearekin kartzelen antolaketa eta funtzionamendua Euskadiren esku geratuko dela, eta hor formazio okupazionala edota presoen birgizarteratzeari heldu ahalko diogu".

Bizitzeko gutxieneko diru-sarrera hizpide, Garamendik gogorarazi du EAJk ohartarazi zuela "eskuduntzak urra" zitezkeela. Transferentzia hori "bi aldeen borondatearen araberakoa da, eta horretan ari gara lanean. Denbora eskatzen ari da", azpimarratu du.

"Oso teknikoa da, kontu juridikoak, teknikoak eta ekonomikoak... negoziazio zaila da, baina hori gorabehera, uste dugu badagoela aukera negoziatzen eta berba egiten jarraitzeko", arrazoitu du.

Azkenik, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketaren eskualdatzeari dagokionez, Garamendik esan du "baikorra" dela eta "zaila den arren, Estatutuan jasotako eskumenetako bat" dela. 

Icetaren harreman "ona"

Iceta Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministro berriarekin "harreman ona" duela adierazi du Garamendik, Dariasekin zuenaren modukoa. Gainera, aipatu du buruzagi sozialistak "nazioen aitortza" egin izan duenez, aukera ona litzatekeela "Estatutua guztiz betetzeko. Hala espero dut behintzat", aitortu du.

Autogobernuaren lantaldea

Azkenik, autogobernuaren lantaldeari buruz, Garamendik nahiko luke lanean berriro hastea: "Gernikako Estatutuaren eguneratzea garrantzitsua da EAErentzat. Estatutuak urte asko ditu, eta gizarteak bere bilakaera izan du. Aurre egin behar diogu". Dena dela, argitu du Jaurlaritza ez dela lantalde horren jardunean sartuko, "laguntzeko prest" badago ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Presoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak DSBE EAEko Autonomia Estatutua Espetxeak