Politika -
Elkarrizketa
Eguiguren: 'Ez dut nahi ezker abertzaleak barkamena orain eskatzea'
PSE-EEren presidentearentzat "ez litzateke benetakoa izango". Bestalde, gezurtatzen duten arren, ETA eta Gobernua etengabe negoziatzen ari direla uste du.
Erredakzioa
Jesus Eguiguren PSE-EEren presidente eta legebiltzarkideak uste du bake prozesua "azkarregi" doala eta ez du nahi "ezker abertzaleak barkamena gaur eskatzea, hemendik bi urtera hobeto, orain ez litzateke benetakoa izango".
Eguigurenek Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean azaldu duenez, "Batasunari barkamena eskatzea exijitzea hauteskunde-kanpaina bihurtzen ari da, benetako gauzek denbora gehiago behar dute, ez da egun batetik bestera damutzen, barkamena eskatu behar badu nik ez dut nahi gaur eskatzea, denbora gehiago eman behar zaio ezker abertzaleari egin beharrekoa egiteko, bestela ez dira benetako pausoak izango".
Gobernua-ETA
Espainiako eta Frantziako gobernuek ETArekin hitz egin beharko luketen galdetuta, Eguigurenek uste du "aspalditik" ari direla hitz egiten ETA eta gobernuak, izan ere, "zuk uste duzu Annan etorriko zela bestela? Nik uste dut elkarrizketa horiek aspalditik daudela martxan".
Aieteko adierazpenean gobernuei ETArekin hitz egiteko exijitzen zitzaien eta paper hori Espainiako "Gobernuaren eta ezker abertzalearen artean eginda zegoela" uste du agintari sozialistak.
Beste puntu batean alderdien mahaia osatzea agertzen zen eta Eguigurenek esan du "egin beharrekoa" dela hori, "hemen gertatzen ari dena alderdi guztien ardura" baita.
Arnaldo Otegi
Preso dauden ezker abertzaleko buruzagien egoera konponduko dela uste du PSE-EEren presidenteak. Hori horrela, Arnaldo Otegirena ere konponduko dela uste du; gainera, gutxi barru Logroñoko kartzelan bisitatuko duela jakinarazi du. "Behar bada ez dut permisorik izango, inor ez enteratzea nahiko nuke", gaineratu du.
EAEko hauteskundeak aurreratzea
Beste alde batetik, legebiltzarkide sozialistak argi du "inori, ez ezker abertzaleari, ez EAJri" ez zaiola komeni EAEko hauteskundeak aurreratzea.
Gainera, Euskadiri "lasaitasun pixka bat eta legegintzaldia amaitzea komeni" zaiola uste du.
Hauteskunde orokorrak
Bestalde, hauteskunde orokorretako emaitzen harira, duela bi urtetik "tontoenak" ere ba omen zekien sozialistek hauteskundeak galdu egingo zituztela. Dena dela, azaldu duenez, "sozialistek irabazita ere PPren berdintsua egingo zuten, PSOEkoa edo PPkoa izan, poltsikoan bost duro badauzkazu, ezin duzu gauza desberdinik egin. Murrizketak gogorrak izango dira, baina PSOEk irabazita ere bai".
Gainera, hauteskundeak lehenago deitu behar zirela iritzi dio, horrela "bi urteko agonia aurreztuko baikenuen".