Politika -

Jesus Eguigurenen liburua

Barajaseko heriotzak 'ezbeharra' izan zirela esan zion ETAk Zapaterori

Denbora luzean ukatu arren, Gobernuak berriro negoziatu zuen ETArekin. Azkeneko bilera 2007ko maiatzaren 21ean egin zuten, baina ordurako bi aldeen jarrerak bateraezinak ziren.

Arnaldo Otegi eta Jesus Eguiguren. Argazkia: EITB
Arnaldo Otegi eta Jesus Eguiguren. Argazkia: EITB
Gobernuak ETArekin izandako elkarrizketen liburua argitaratu du Eguigurenek

00:26

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2006ko abenduaren 30ean ETAk Barajaseko aireportuan burutu zuten atentatuak (bi lagun hil ziren) "bake-prozesuaren amaiera" ekarri zuen, Jesus Eguigurenek ETA, bakearen gakoak izeneko liburuan aipatzen duenez.

Atentatu hori gertatu zenean, Eguiguren eta Arnaldo Otegi bilduta zeuden. Ezker abertzaleko buruzagia "oso urduri" antzeman zuen: "Oraindik ez genekien biktimarik egon zen ala ez, eta atentatu hark prozesuaren amaiera suposatzen ez zuela esan zidan". Eguiguren Alfredo Perez Rubalcabarekin jarri zen harremanetan eta "ezer egiterik" ez zegoela azpimarratu zion.

2007ko otsailean, ETAk gutuna igorri zion Jose Luis Rodriguez Zapaterori, su-etena indarrean zegoela jakinarazteko eta Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacioren heriotzak "ezbeharra" izan zirela justifikatzeko. Horrenbestez, elkarrizketari berriro heltzeko proposamena egin zion erakunde armatuak Gobernuari.

Hasiera batean, bai publikoki bai ETAri igorritako gutun baten bidez, Zapaterok uko egin zion berriro ezer negoziatzeari, baina azkenean bi aldeak berriro eseri ziren mahai baten inguruan prozesua bideratzeko asmoz. Gutxienez lau bilera egin zituzten, martxoa eta maiatza bitartean.

Eguigurenek bere liburuan dioenez, negoziazioa desblokeatzeko, ETAk mahai politikoan akordio batera heltzea proposatu zuen; Gobernuak, berriz, Barajaseko atentatuaren gaitzespena eta erakunde armatuak "indarkeria betirako amaitzea" exijitu zuen, aurrera egiteko.

Desadostasunak gaindiezinak zirela ematen zuen eta hori agerian geratu zen maiatzaren 21ean bi aldeek egin zuten azken bileran. Henri Dunant zentroko bitartekarien aurrean, ETAk salatu zuen Gobernuaren asmo bakarra "prozesua luzatzea" zela eta mahai politikoaren bidez "gatazkaren konponbidea" bilatu nahi ez zuela.

Espainiako Gobernuaren ordezkariek, ostera, ETAk guztia akordio politikora baldintzatu nahi zuela kritikatu zuten eta hori prozesuaren hasierako planteamenduarekin bat ez zetorrela nabarmendu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea