Politika -

Katalunia

Puigdemontek helegitea aurkeztuko du Europar Batasuneko Justizia Auzitegian

Carles Puigdemontek azpimarratu du europarlamentarien % 42k ez dutela babestu immunitatea kentzeko ekimena, "eta horrek erakusten du hau ez dela arazoak konpontzeko modua".

Clara Ponsatí, Carles Puigdemont eta Toni Comín Europako Parlamentuan. Argazkia: EFE
Clara Ponsatí, Carles Puigdemont eta Toni Comín Europako Parlamentuan.
Clara Ponsatí, Carles Puigdemont eta Toni Comín Europako Parlamentuan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemontek, Toni Cominek eta Clara Ponsatik Europar Batasuneko Justizia Auzitegira joko dute immunitatea kentzeko Europako Ganberak gaur hartu duen erabakiaren aurka.

Hiru politikari katalanek agerraldia egin dute Bruselan, Europako Parlamentuko osoko bilkuran bozketa egin eta immunitatea kenduko dietela jakin ostean.

Honen guztiaren atzean “arrazoi politikoak” daudela berretsi dute eta erabaki horrek “Europako demokraziari kalte handia” egin diola salatu dute.

Europa Press agentziak zabaldu duenez, EB Justizia Auzitegian Parlamentuaren erabaki baten aurkako helegitea aurkezteko epea bi hilabete eta hamar egunekoa da.

Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuak abiatu dituen ekinbideengatik ere kezka agertu dute, ondorioak zeintzuk izan daitezkeen ez dagoelako argi. “Zer gertatuko da denbora tarte horretan Espainiako Justiziak gu atxilotzeko eta eskatzeko agindua ematen badu?”, galdetu du Puigdemontek.

Bestalde, Clara Ponsatik nabarmendu du errekurtsoak “oinarri sendoa” duela eta aurreratu du Europar Batasunaren txostenean akats bat atzeman dutela: Espainiako Auzitegi Gorenak sedizioagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik auzipetu dituela aipatzen da, baina ez da horrela, sedizioagatik soilik daudelako akusatuta.

Dokumentua bozketa egin aurretik zuzendu zuten, baina ez zerbitzu juridikoen batzordetik igaro eta, bere iritzian, “hori irregulartasun larria da”.

Halaber, Ponsatik Belgikan bizi den Lluis Puig kontseilariaren kasua ekarri du gogora. Belgikako epaile batek atzera bota zuen haren aurkako estradizio-eskaera, “Espainian epaiketa justurik izango ez zuela ebatzita, eta Fiskaltzak ez zuen errekurtsorik jarri”. Beraz, “Espainiak ebazpen hori onartu zuela ulertzen dugu”, erantsi du.

“Egun tristea da Europako Parlamentuarentzat eta demokraziarentzat”

Puigdemontek Ganberako bozketan jarri du fokua eta azpimarratu du eurodiputatuen % 42k ez dutela immunitatea kentzeko ekimena babestu. “Horrek erakusten ez du ez datozela bat arazoak konpontzeko Espainiak duen moduarekin”.

“Immunitatea kendu digute, baina zein izan da horren prezioa? Zer preziotan ordaindu behar du Europako Parlamentuak? Honek guztiak merezi al duen galdetu behar du Europak. Egun tristea da Europako Parlamentuarentzat”, adierazi du.

“Hau dena prozesu judizial bat baino ez dela esaten dute, botereen arteko banaketa dagoela, baina agerian geratu da estrategia eta jazarpen politiko handia dagoela”, salatu du Puigdemontek.

Cominek ere antzeko adierazpenak egin ditu eta Parlamentuaren % 42 ekimenaren kontra agertu izana “garaipen politikotzat” jo du. “Espainiaren justizian konfiantzarik ez dutela adierazi dute europarlamentari horiek”, nabarmendu du.  

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Europar Batasuna Eguneko albisteak Albisteak Carles Puigdemont