Publizitatea
Itxi

2021/03/09

10:12

Politika

Katalunia

Europako Parlamentuak immunitatea kendu die Puigdemont, Comin eta Ponsatiri

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Horrek ez du esan nahi eurodiputatu kargua utzi beharko dutenik, ezta berehala estraditatuko dituztenik ere, baina haien aurkako euroaginduak berrabiarazteko bidea irekiko du erabakiak.

0:27
Bozketaren emaitza
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Europako Parlamentuak immunitatea kendu die Carles Puigdemont, Toni Comin eta Clara Ponsati JxCateko eurodiputatuei, Espainiako Justiziak 2020 hasieran eskatu zuena betez. Hartara, haien aurkako euroaginduak berrabiarazteko aukera dute orain.

Atzo egindako bozketaren emaitzen arabera, aldeko 400 boto, kontrako 248 eta 45 abstentzio jaso zituen Puigdemonti immunitatea kentzeko proposamenak. Comin eta Ponsatiren kasuan, berriz, 404 izan ziren aldeko botoak, 247 kontrakoak eta 42 abstentzioak, Heidi Hautala Parlamentuko presidenteordeak astearte honetan iragarri duenez.

Botoa isilpekoa bada ere, Europako alderdi popularra eta sozialisten eta demokraten gehiengoa agertu zen alde. Renovar Europa alderdiak, kontserbadoreek eta erreformistek ere hiru eurodiputatuei immunitatea kentzea defendatu zuten. Aldiz, berdeek eta ezkertiarrek kontra bozkatuko zutela aurreratu zuten.

Erabakiak ez ditu Puigdemont, Comin eta Ponsati eurodiputatu kargua uztera behartuko, eta ez dituzte egun batetik bestera estraditatuko, baina iaz etendako haien aurkako euroaginduak berrabiarazteko aukera emango du.

Horrela, 2020ko urtarrilean abiatutako prozesua bukatuko dute. Orduan, Auzitegi Gorenak erregua eskatu zuen. Koronabirusaren krisiak, baina, oztopatu egin du aurrez aurreko bilerak egitea, eta, horregatik, ezin izan dute prozesua lehenago bukatu.

Gaur betan agerraldia egingo dute Puigdemont, Comín eta Ponsatik, emaitzei buruz jarduteko. Halaber, dirudienez, Europako Parlamentuaren erabakiari helegitea aurkeztuko diote Europar Batasuneko Justizia Auzitegian. Dena den, horrek ez du immunitatearen aferan aldaketarik ekarriko.

Gobernuaren ustez, Zuzenbide Estatua eta Justizia babestu ditu erabakiak

Espainiako Gobernuaren izenean, Arancha Gonzalez Laya Atzerri ministroak esan du hiru eurodiputatu horien immunitatearen gaineko erabakiak Zuzenbide Estatua eta Espainiako Justizia babestu dituela.

Horrez gain, argi utzi nahi izan du Gobernuak, kontu honekin lotuta, elkarrizketaren eta negoziazioaren alde egin izan duela beti.

Hasteko, azpimarratu du eurodiputatuak ezin direla haien karguaz baliatu Justiziaren aurrean ez deklaratzeko. Bestalde, erantsi du, Zuzenbide Estatuari irmotasun mezu bat igorri diotela, alegia, Espainiako Justiziaren lana errespetatu dutela. Azkenik, nabarmendu du Kataluniako arazoak Espainian konpondu behar direla, eta ez Europan.

Inoiz baino immuneago sentitzen da Ponsati

Twitter bidez zabaldutako mezu batean, Ponsatik esan du, oraindik txertoa jaso ez badu ere, inoiz baino immuneago sentitzen dela: "Bozketaren emaitzak itxaropena eta indarra eman dizkit".

Torra atsekabetuta agertu da erabakiaren aurrean

Quim Torra Generalitateko presidente ohia penatuta agertu da Europako Parlamentuak hartutako erabakiaren, eta ohartarazi du Espainiak "independentismoaren aurka egin dezaken guztia egingo duela".

Eusko Jaurlaritzako alderdiek erabakiari buruzko "iritzi ezberdinak" dituzte

EAJk eta PSEk, "iritzi ezberdinak" dituzte Europako Parlamentuak Carles Puigdemonti immunitatea kentzeko hartutako erabakiaren aurrean; izan ere, Izaskun Bilbao EAJko ordezkariak aurka bozkatu du eta sozialistek, berriz, alde egin dute. 

Horren aurrean, Bingen Zupiria bozeramaileak ez du Gobernuaren jarrera ofiziala zehaztu nahi izan. Dena dela, Zupiriak gogorarazi duenez, Iñigo Urkullu lehendakaria "akordioak lortzeko negoziazioaren beharra duen arazo politiko gisa" mintzatu da aurretik ere Kataluniako auziaz, eta akordio horiek lortzeko eta desadostasunei aurre egiteko borondate politiko bat ere behar dela uste du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena